Plaza ere dotore, itxuraz eta produktuz
Mahai-oihal berriak estreinatu dituzte Ordiziako feriako ohiko saltzaileek Plaza Nagusian, eta gainean lehen babarrun beltzak, gaztainak eta moskatel mahatsa jarri dituzte salgai, besteak beste.
Giro atsegineko eta nobedade askoko feria izan zen atzokoa. Astero ohikoa hor izateak egiten du Euskal Jaietako hau berezi, eta antolatu ohi dituzten aparteko ekitaldiek ere bai, noski, artzainari eta gaztari protagonismo berezia emanez. Plazan bertan ere bazen nahikoa berezi- tasun eta produktu berri. Baita hutsuneak ere haren inguruan, atzoko egun berezirako toki hori fruta saltzaileentzat gordeta bazegoen ere, bat ere ez zelako agertu.
Babarrun beltza, estimazio handia duen produktua eta urte guztian salgai izaten dena, atzo nobedade nagusietako bat izan zen. Arantxa Lopetegik eta Maria Jesus Oriak berria ekarri zuten. Kiloa 15 euroan eros zitekeen, aletua eta aletu gabea. Denboraldiaren hasierako hau lehenago egosten da, eta urtean zehar salgai den produktua da, ederki mantentzen baita, baldintza egokietan lehortu eta zainduz gero behintzat. Babarrun beltz eta txuri freskoak ere, potxa, aukeran zeuden (10-11 euroan kiloa).
Udazken seinaleak
Hamabost egun barru udazkenean sartuko bagara ere, naturak ia nora goazen erakusten du. Hala, lehen gaztainak ekarri dituzte (lau euroan kiloa). Azalore eta brokoli buru txiki batzuk ere bai, eta horiek neguan ondo etortzen diren barazkiak dira. Lehen txaiotak ere aurkeztu zituen Baliarraingo Edurne Jauregik. Ez da hain ezaguna oraindik kurkubitazea familiako barazki hori, aireko patata ere esaten diote bezero batzuek. Herrialde beroetakoa da, eta poliki-poliki sartzen ari da hemen ere. Gustuko baldintzak eta tokia izanda, oso erraz etortzen dena da.
Frutetan, honako hauek izan ziren hizpide: moskatel mahatsa, Aramako Patxi Arizmendiren postuan (3,5€/k); Urezta sagar mota berria (3€/k) Errezilgo Joxe Antonio Aizpururenean; eta tomate txiki berezia Zeraingo Iñaki Intxaustirenean (7€/k).
Onddo kolpea
Mikologia atala ere aipagarri zen, izan ere, onddo kolpe polita izan da eta aspaldiko kopururik handiena jarri zuten atzo salgai bi postuetakoak kontuan hartuta (Basoa eta Lasa): 210 kilo (16-24 €/k). 39 kilo zizahori (20-22 €/k), eta 26 kilo gorringoa ere eskaini zituzten. Gorringoa zen atzo garestiena, 29-34 euro kiloa.
Sari eta guzti etxera
Udaleko agintariek joan zen astean saltzaileei emandako mahai-oihal zuri-berdeak estreinatu zituzten atzo. Eta lau postuk aipamen berezia izan zuten produktuen barietatea, aurkezteko modua eta abar kontuan hartuz: 200na euro jaso zituzten Arantxa Zurutuzak (Arama), Iñaki Intxaustik, Edurne Jauregik eta Montesek (Ibarra).