Urretxuko Udalak kiroldegiko klimatizazio sistema berritu du
TRX, Pilates eta Spinning geletako aparailu elektrikoak bero-ponpengatik ordezkatu dituzte. Urretxuko Udalaren helburua eraginkortasun energetikoa lortzea da
Urretxuko Udalak Aldiri kiroldegiko gela guztietako klimatizazioa berritu du. Lanak abuztuan egin ditu, ikastarorik ez dagoela eta kiroldegia mantenu lanak egiteko ixten dela baliatuz.
Helburua eraginkortasun energetikoa lortzea da. Iaz, kantxa, harmaila eta gimnasioa berotzeko erabiltzen zen gasoliozko berogailua aldatu zuen eta aurten TRX, Pilates eta Spinning gelak klimatizatzeko erabiltzen ziren aparailu elektrikoak aldatu dira. Aparailu horiek erresistentzien bidez funtzionatzen zuten eta energia asko kontsumitzen zuten.
Inbertsioa
TRX, Pilates eta Spinning geletako bero-ponpa gailuek neguan gelak berotuko dituzte eta udan freskatu. Orain arteko gailuek baino energia gutxiago kontsumituko dute eta erabiltzaileak erosoago sentituko dira. Gainera, udalak harrera gelan ere klimatizazio sistema instalatu du. Hala, bertako langileek orain arte baino erosoago lan egingo dute. Aurtengo inbertsioa 30.200 eurokoa izan da. Iaz, berriz, 60.800 euroko inbertsioa egin zen kantxako, harmailako eta gimnasioko berogailua aldatzeko. Horrenbestez, klimatizazioa berritzeko lanak amaitutzat eman dira.
Lan horiek ez dira izan azken urteetan egin diren bakarrak. 2020ko amaieratik gaurdaino, hainbat lan egin dira instalazioak hobetzeko: estalkiaren inpermeabilizazioa (70.000) euro, ur beroaren instalazioaren aldaketa (35.000 euro) eta wifi teknologiaren instalazioa (5.000 euro). Aipatutako lan guztiak egiteko, 200.000 euro baino gehiago inbertitu dira.
Horretaz gain, azken urteetan kirola egiteko aparatuak berritu dira: korrika egiteko makinak, muskulazio makinak, indoor bizikletak, pisuak…
Kiroldegia prest dago eta kirola egiteko ordua iritsi da. Udalak, instalazioak hobetzeaz gain, ikastaro eskaintza hobetu du. Fitness gela, sauna eta kantxa abuztuaren 22an ireki ziren eta atzo mantenu gimnasia, Total Training, Ciclopower, TRX, Power GAP, Spin-TRX eta Zumba ikastaroak hasi ziren.
Hilaren 22an, jaien ondoren, berrikuntza gehiago helduko dira. Hirugarren adinekoentzako gimnasia saioekin, Ttipi Etapa paseoekin eta kirol orientazio zerbitzuarekin batera, erlaxazio eta luzapen saioak eta taldean korrika egiteko saioak hasiko dira. Erlaxazio eta luzapen saioek ordu erdiko iraupena izango dute eta kirolari guztientzat izango dira. Taldean korrika egiteko saioei dagokienez, helburua korrikalariek beraien teknika hobetzea eta lagunartean korrika egitea da. Monitore baten laguntza izango dute.
Gazteentzako eskaintza eta ordutegiak ere zabaldu egin dira. Ordutegiak aurki emango dira ezagutzera, Urretxu.eus webgunean eta etxe guztietara bidaliko diren triptikoetan. Kiroldegiko 943 03 80 82 zenbakira ere deitu daiteke, informazio eske.