Bost herrien arteko 7. ibilaldia egingo da larunbatean
Zegaman izango da aurten. Bazkarirako izena ostegunera arte eman daiteke, Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zerain edo Zegamako elkarte, ostatu edo tabernaren batean, ala 669201773 zenbakian.
Bost herrien arteko 7. ibilaldia larunbatean egingo da, Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteak eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteak antolatuta. Zegaman aldean ibiliko dira parte hartzaileak, 12 kilometroko ibilbidean, ura ardatz hartuta. 8:00etan hasiko da eta 14:00 aldera amaituko da.
Ez da ibilaldi soil bat izango. Urtero bezala, goiz eder bat pasatzeaz gain, ingurua ezagutzeko aukera izango dute ibiltariek. Urarekin harremana duten txokoak ezagutuko dituzte, Zegama inguruan. “Ibilaldi honetan mendiko uraz baliatu nahiak ekarri dituen ondorioak bertatik bertara ezagutu nahi ditugu. Ezagun eta ohiko samarrak izango dira batzuk, baina izango dira harrigarrizko gauzak erakutsiko dizkigutenak ere”, azaldu dute antolatzaileek.
Zegamako plazatik abiatu eta Olaberri aldera joko dute. Erreka ondoko bidetik Idiakaitz auzora iritsiko dira, bertan dagoen aspaldiko zentral elektrikora. Gesaliturrira joango dira ondoren. Gorago, ura zentral goienera bideratzeko kanalera joko dute, eta hortik Iturbegietara. Hamaiketakoa jango dute. Parean presa dago eta kanalaren beste besoa bukatzen da hor. Horri jarraika, bukaeraraino joan gabe, Arriaundi parean beherantz egingo dute, apeaderoko kaminoraino. Arrieta eta Altziturrin barrena, Murgizelaiko parkera iritsi eta herrira jaitsiko dira. Anduetzan egingo dute azken geldialdia.
Ibilaldiaren ondoren, bazkaria izango da Zegaman. Joan nahi dutenek izena eman behar dute osteguna baino lehen, Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zerain edo Zegamako taberna, ostatu edo elkarteren batean, edo bestela, 669201773 zenbakira deituta. Bazkariaren prezioa 30-35 eurokoa izango da.
2015ean lehena
Zazpigarren aldia izango da larunbatekoa. 2015ean 400 urte bete ziren Segurako hiribilduaren barruan egondako herriek bere burujabetasuna eskuratu eta bere udala osatu zutenetik. Urteurrenaren harira, bost herrietako (Idiazabal, Segura, Zegama, Zerain eta Mutiloa) mendizaleak elkartu eta mendi ibilaldi berezi bat antolatu zuten. Ibilaldia ederki atera zen eta harrezkero urtero egin dute, urte bakoitzean gai ezberdin bat jorratuz.