Ilintxa, beste 75 urte betetzeko prest
Festa handi batekin agurtu ditu klubak bere 75. urteurreneko ospakizunak, bazkaltzeko 300dik gora lagun elkartuta. Balorazioa oso positiboa izan da, eta partaideei eskerrak eman dizkie futbol elkarteak.
Irailaren 9ko festa hunkigarri eta arrakastatsuaren ondoren, Ilintxa futbol elkartea indarberrituta dago etor daitezkeen urteurren borobil gehiagori aurre egiteko. Herri bazkari jendetsu batekin eman zien amaiera 75 urteen ospakizunei joan den ostiralean, Azokaren babesean elkartu ziren 300dik gora pertsonekin eta kanpotik agurra bidali zuten lagunekin. Festa borobila izan zen, eta antolatzaileak ez ezik, partaide guztiak ere oso gustura geratu ziren emaitzarekin.
Protagonista ugari izan zituen Ilintxaren egun handi horrek, horietako asko joandakoak. Bazkaria hasi aurretik, argazki erakusketarekin eta klubaren historia jasotzen zuen bideoan izan zen horiek guztiak gogoratzeko aukera.
Bestetik, Dani Garrido kirol kazetaria aipatu behar da, zuzeneko konexioaren bidez bazkarian izan zelako eta kluba zoriontzeko aukera izan zuelako. Beste lagun batzuek ere bidali zituzten agur mezuak, bideo bidez, Juan Gomez, Xabi Prieto, Arturo Valls, Kiko Narvaez, Aintzane Encinas, Lutxo Iturrino, Mikel Aranburu, Aitor Lopez Rekarte, Maddi Torres, Iñigo Juaristi, Amaiur Sarriegi, Markel Bergara eta Asier Illarramendik, hain zuzen.
Omenaldi hunkigarriak
Omenaldietarako tartea ere izan zen bazkalondoren, “horrelako egun seinalatuan” Ilintxak aitortza egin nahi zielako “gure klub honekin modu berezian lotutako pertsonei». Horien artean zegoen Irene Paredes, “gure herriko zein elkarteko enbaxadorea”. Ezin izan zuen bertan egon, baina bideo konferentzia bidez elkartu zen festara. Juan Carlos eta Inma gurasoek jaso zituzten haren partez Ilintxaren opariak eta bertaratutakoen txaloak. Gainerako omenduek ere jaso zituzten opariak eta txaloak, hala nola Legazpiko Txolartek, Manuel Sanchez zaletuak, Crisanto Sevillano eta Teodoro Toquero klubeko boluntarioek eta Agustin Najera entrenatzaileak. Txaloekin batera, klubaren urrezko intsignia jaso zuten, eta dantzariek aurreskua dantzatu zieten.
Esan behar da klubeko lehendakari ohiak diren Juanito Kortaberriak, Miguel Altolagirrek, Jesus Mari Canterok, Peio Alzelaik, Xabier Arrondok eta Aitor Muruak eman zietela opariak omenduei, gaurko presidente den Xabier Aldamarekin batera.
Ondoren, Jesus Castillejoren musika daraman Ilintxaren ereserki berria interpretatu zuen Ane Beloki egileak, Azoka guztia txaloka jarriz.
Festak jarraipena izan zuen arratsaldean, Alaitasuna Errondailak Azoka ondoan egin zuen emanaldiarekin, eta iluntzean Puro Relajo taldeak plazan eskaini zuen dantza saioarekin.
Esker hitzak
Festa egunaren biharamunean esker mezua kaleratu zuten antolatzaileek. “Garen guztiak ez geunden, baina geunden guztiak gara” zioten bertan, eta eskerrak luzatu zizkieten ondoren klubaren 75. urteurreneko ospakizunean parte hartu zutenei.
Bazkarian elkartutakoentzat izan ziren lehen hitzak, eta gero, Real Sociedad fundazioa izan zuten gogoan, “batik bat Jose Luis Agirre”. Antolaketa lanetan lagundutako Legazpiko Udala ere ez zuten ahazteko, “bereziki Iñigo Imaz zinegotzia”, ezta bazkarirako txartelak saltzen lagundu zieten Lau-Bide, Mendi, Gurrutxaga eta Karibe Berri tabernak eta Apatxo eta Ogi Berri establezimenduak ere. Bazkari egunari berari erreferentzia eginez, ikus-entzunezkoez eta katering-az arduratu ziren Molatu eta Sarayola enpresak, eta Joseba Villarreal “zeremonia-maisua” ere aipatu zituzten, eta Gorka Gomez ere bai, “gure begi izan eta Ilintxaren memoria irudiekin apaintzeagatik”.
Guztien artean egin zuten posible Ilintxaren egun handi hori.