Mediterraneoko atletismo txapelketan bosgarren geratu da Nora Tobar gorako jauzian
Marka hobea lortzea espero zuen Tobarrek, hala ere, lortutako bosgarren postuarekin "pozik" agertu da
Nora Tobar atleta ataundarrak bosgarren postua lortu du gorako jauzian, Italiako Pescara hirian jokatu den Mediterraneoko Atletismo Txapelketan, Espainiako elastikoarekin, 23 urtez azpiko kategorian. Mediterraneoak bustitzen dituen 19 herrialdetako selekziok parte hartu zuten bertan.
“Ilusio handiarekin” eta “indartsu” aurkitzen zen Tobar txapelketaren aurretik, baina azkenean, “emaitzak ez dira espero bezain onak izan”, atleta ataundarraren entrenatzaile eta aita den Asier Tobarren hitzetan. 1,75 jauzia egitea lortu zuen, Tobarren denboraldi amaierako txapelketa honetan. Bere marka onenaren azpitik egin zuen beraz; Santanderren jokatu zen 23 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketan adibidez, 1,82 metroko jauziarekin Espainiako txapeldun izan zen, eta hori baino jauzi altuagoa ere egina zuen aurretik; bere marka onena 1,84 metrotan du.
Bigarren aldia du Tobarrek, nazioarteko txapelketa batean Espainiako selekzioarekin. Europako txapelketan parte hartu zuen iaz.
Momentu honetan, Erromatik Goierrira bidaiatzen ari da atleta ataundarra, eta ondo merezitako oporrak izango ditu hurrengo denboraldia prestatzen hasi aurretik.