Olaberrian lau kirol eskaini dituzte 2022-23 kurtsorako
Hiru hilabeteroko inskripzioa egin liteke. Bi yoga mota, pilatesa eta zunba egin ahalko dira herrian. Izena emateko epea irailaren 28ra arte da.

Olaberriko Udalak gaur zabaldu du 2022-2023 lanurtean herrian bertan antolatu duen kirol ikastaroen eskaintza. Izena emateko epea ere zabaldu du, eta irailaren 28ra arte eman ahalko da.
Lau kirol mota egin ahalko dira, gorputz ariketa fisikoak lantzeko. Pilatesa astearteetan eta ostegunetan izango da, 18:15etik 19:15era.
Zunban bi talde atera dituzte. Bat astearteetan eta ostiraletan, goizetan, 09:30etik 10:30era. Bestea, iluntzekoa, astearte eta ostegunetan, 19:15etik 20:15era.
Azkenik, yoga ere egin ahal izango da, bi modalitatetan. Yoga arrunta astelehen eta asteazkenetan 17:30etik 18:45era, eta yoga power deritzona astelehen eta asteazkenetan 19:15etik 20:30era.
Prezioari dagokionez, hiru hileroko maiztasunarekin berrituko dira matrikulak. Hiruhileko kopurua 75 euro da, eta Olaberrian erroldatuta ez daudenentzat 90 euro. Google Forms plataformaren bidez edo Whatsapp mezua bidalita (681 17 51 13) eman daiteke izena.