Ikatzaren argazki rallya igandean izango da
Elkarteko kide izan zen Batis Goikoetxea zenaren izenarekin egingo da berriz ere. Helduen eta gazteen atalak izango dira, eta gazteek mugikorrarekin ere atera ahal izango dituzte argazkiak.
Ikatza elkarteak eta udalak antolatuta, igandean Batis Goikoetxea argazkilari zena gogoratzen duen argazki rallyaren 15. edizioa egingo dute Legazpin. Helduei eta gazteei zuzenduta dago, eta partaideek egunean bertan 09:00etatik 10:00etara eman beharko dute izena kultur etxean. Izena ematerakoan jakinaraziko zaizkie gaiak, baina argazkiak Legazpin atera beharko dituzte.
Bi ataletan berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko dira kontuan, eta gazteei mugikorrarekin ateratako argazkiak ere onartuko zaizkie. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gazteek euro bakarra.
Partaideek 36 argazki aurkeztu beharko dituzte txartelean 12:30 eta 13:30 bitartean, eta horietatik egindako hautaketa entregatzeko azken eguna hilaren 20a izango da. Urriaren 7an banatuko dituzte sariak. Helduen atalean, 250 euro, 150 euro eta 100 euro izango dira saritan hurrenez hurren lehen, bigarren eta hirugarren bilduma onenentzat, eta beste 100 euro herriko onenarentzat, gehi garaikurra lau sarituentzat. Gazteen atalean, 100 eurokoa, 75 eurokoa eta 50 eurokoa izango dira sariak, eta diploma hirurentzat.
Iazko sarituak
Iaz irailaren 26an egin zuen Ikatzak argazki rallya, 42 partaiderekin. Jose Luis Rodriguez izan zen irabazlea, Isabel Muñoz bigarrena, Jose A. Fernandez hirugarrena eta Carlos Mediavilla herriko onena. Gazteen atalean Urko Comontesek irabazi zuen eta bigarrena, Malen Sanz izan zen.