Industria turismoari buruzko jardunaldia egingo dute Legazpin hilaren 23an
Chillida Lantokian elkartuko dira alorreko adituak, bere erronkaz eztabaidatzeko. Bellota Herramientas enpresaren proiektuaz ere hitz egingo dute. Partaideen artean Lenbur Fundazioko Olatz Conde eta Goiturreko Niko Osinalde izango dira.
Legazpi industria turismoaren erdigune bihurtuko da irailaren 23an, gai hori hizpide hartuta Chillida Lantokian egingo duten egun osoko jardunaldi teknikoaren ondorioz. Turismoaren alor hori jorratzen duten adituak elkartuko dira bertan, dituen erronkei buruz eztabaidatzeko.
Industria turismoa zer den azalduko dute jardunaldia irekitzeko, eta ondoren gaia Europa mailan nola ari diren lantzen azaldu eta Euskal Erkidegoan duen egoeraz hitz egingo dute. Legazpiko Bellota Herramientas lantegiak fabrika erakusteko lantzen ari den proiektuaren berri ere emango dute, eta amaitzeko, partaideek lantegia bera bisitatuko dute, eta Langileen Ibilbidea ezagutzeko aukera ere izango dute.
Partaideen artean Lenbur Fundazioko Olatz Conde eta Goitur erakundeko Niko Osinalde izango dira, beste hainbat turismo teknikari, historialari eta enpresarirekin batera.