Gorostiagako erromeriarekin amaituko dira igandean Agorreko Santikutzak
Ohiturari jarraituz, meza, hamaiketakoa eta txistularien emanaldia izango dira Gorostiaga mendiko tontorrean, Santikutz egunaren hurrengo igandean.
Irailaren 14a da gaur, Santikutz eguna, eta Legazpin ohiturak agintzen duen bezala, ondorengo igandean, hilak 18, erromeria egingo da Gorostiaga mendian. Ekitaldi horrekin, amaitu egingo dira aurtengo Agorreko Santikutz jaiak.
Igandeko egitaraua 09:00etan hasiko da, Goiz Deia txistulari taldeak erdiguneko kaleetan egingo duen kalejirarekin. Hurrengo hitzordua 11:00etan izango da, Gorostiaga mendiko tontorrean dagoen gurutze handiaren azpian egingo den mezarakin. Ondoren, hamaiketakoa banatuko du udalak, eta erromeria hasiko da, txistularien eskutik.
Argazki rallya
Igandean izango da beste ekitaldi bat ere Legazpin, Batis Goikoetxearen oroimenezko argazki rally digitala, Ikatza argazkilari taldeak antolatuta. 09:00etatik 13:30era bitartean egingo da rallya, eta nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du.