Beasaingo eragileek Euskaraldian "determinazioz" parte hartzeko konpromisoa hartu dute
Hamaika eragile batu dira Euskaraldira, eta herriatarrei ere gehitzeko deia egin diete
Beasaingo arlo anitzetako eragile gehienek bat egin dute Euskaraldiarekin. Are gehiago, “determinazioz” parte hartzeko konpromisoa hartu dute. “Benetan sinetsita gaudelako, Euskaraldian parte hartuz, herritarrok gure hizkuntza ohiturak aldatu ditzakegula, dela eguneroko bizitzan, dela gure entitateetako barneko bizitzan, euskararen mesedetan. Sinetsita gaudelako, Euskararen erabilera indartuz, Beasaingo herri bizitza eta elkarbizitza indartzen ari garela”.
Beasaindarrei berdin jokatzeko deia egin diete. Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeetan, Zubimusu plazan, Euskaraldian izena emateko postua jarriko dute abenduaren 2ra arte, ariketa kolektiboaren azken egunera arte. Batzen diren lehen 500 herritarrek ttanttodun bandera jasoko dute, Beasaingo balkoiak apaintzeko. Erronka jarri diote herriari: ea bandera guztiak eskegitzen diren.
Berritasunak izango ditu Euskaraldiaren hirugarren edizioak. Hikaldia egingo da Goierrin: hikaren erabilera hauspotzea da helburua. Horretarako, Formazio saioak antolatuko dituzte, alde batetik, eta herri txikietako gazteak eredu jarriko dituzte, bestetik. Hikaldia, hikak duen berezitasunagatik, gazteei eta familiei bideratuta egongo da. Halere, izena nahi duen orok eman ahalko du izena. Dena den, Hikaldiaren harira Gazte Eguna antolatzen ari da kuadrilla bat.