Eusko Jaurlaritzak CAFen zati bat erosi du 17 milioi euroren truke
Jaurlaritza CAFen %3aren jabea izango da aurrerantzean. Duela bost urte erosi zituzten lehen akzioak eta orain kopurua bikoiztu dute. Akzio bakoitza, 28 euroan
Eusko Jaurlaritzak CAFen kapitalaren % 3 kontrolatzen du dagoeneko, atzo Beasaingo taldeko akzioen % 1,76a erosi ondoren. 17 milioi euro ordaindu ditu administrazioak 602.552 akzioren truke. Finkatuz funts publikoaren bidez egin du eragiketa hori, Finantzen Euskal Institutuak kudeatuta.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarentzat estrategikotzat jotzen diren enpresetan parte hartzeko sortu zen Finkatuz funtsa, lurraldean sustraitzen direla bermatzeko. CAFek euskal ekonomian «trakzio-eragina» duela eta «Euskadirentzat interes berezia duen sozietatea» dela azpimarratu zuen Jaurlaritzak erosketa publiko egitean.
Funtsaren lehen inbertsioa CAFen egin zen, hain zuzen ere. 2017an CAFen % 1,24a erosi zuen Jaurlaritzak. Orduko hartan 425.870 akzio erosi zizkion Kutxabanki, 15 milioi euroren truke. Oraingo akzioak merkeago atera zaizkio, hortaz: 28 euro pasa ordaindu dute akzio bakoitzeko, duela bost urte baino zazpi euro gutxiago, Beasaingo multinazionala inoizko garairik onenetariko batean den arren.
10.800 milioiko eskariak
Beasaingo trengileak sendo jarraitzen du kontratu berriak eskuratzeko lasterketan. Atzo jakinarazi zuen Marseilla hiria (Frantzia) hamabost tranbiaz hornituko duela, eta akordio horren balioa 57 milioi euro dela. Kontratuak, gainera, linearen hurrengo zabalpenen arabera tranbia kopurua handitzeko aukera ere jasotzen du.
Astelehenean, berriz, beste kontratu biren berri eman zuen konpainiak. Alemania eta Australiarako enkargu horien balioa 220 milioi eurokoa da. Horiek horrela, CAFek bere errekorra gainditu du eskaera poltsari dagokionez. Frantziatik iritsi berri den azken kontratua aintzat hartuta, ia 10.800 milioi euroren eskaerak ditu. Datozen urteetarako lana bermatuta dago.