Hermosaren eta Begiristainen 'Gernikak', urriaren 2an Igartubeitin
Urretxuko Gorka Hermosa akordeoilariak eta Juan Manuel Begiristain klarinete jotzaileak Gernikak kontzertua emango dute Igartubeiti baserriko dolarean urriaren 2an. Gerra Zibilean Gernikan izandako bonbardaketaren inguruko bi ikuspegi pertsonal landuko dituzte erakustaldian. Aurrez izena eman behar da, 943 72 29 78 telefono zenbakian edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean.
Bonbardaketaren bueltako ikuspegiez gain, Hermosak akordeoi eta klarineterako sortutako hainbat pieza interpretatuko dituzte. Gernika 26/4/1937, Neotango Concerto, Ekia, Anantango, Milonga del vent, Galliano en Santiago, 4 Dances from Iberia, Brehme, Saudade Artica, Zelaia eta Paco izango dira kontzertuan entzun ahal izango diren lanak. Bukatzeko, Juan Manuel Begiristainek Bilboko Udal Bandak estreinatu berri duen Gernika suzko euripean eskainiko du.
Ibilbide luzeak
Hermosaren musika sinfonikoa 17 herrialdetako 39 orkestrak interpretatu dute, eta ganbera musika Berlingo Filarmonikoan, Washingtongo National Opera Kennedy Centerren edo Madrilgo Auditorio Nazionalean. Begiristain Bilboko Udal Bandaren irakasle titularra da eta behin baino gehiagotan ibili da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin.













