Iban Urdangarinen bertso sorta Iker Zubeldia lagunari, 'Bertsolari' aldizkarian
Miresmenezko zazpi bertso jarri dizkio bertsolari ataundarrak zegamarrari. Izena –soilik, abizenik gabe– azken alera arte aipatu gabe, Zubeldiaren dohainak eta balioak goraipatu ditu.
Bertsolari aldizkariaren azken zenbakiak Iker Zubeldia Katarain zegamarrari eskaini dio elkarrizketa nagusia. Gorka Azkarate urretxuarrak itaundu du, eta Andoni Lubaki zumarragarrak egina da erreportaje grafikoa. Bertsozaletu zen hasieretatik, bertso eskoletan hasitakora, eta ondoren bertsolaritzaren munduan ireki duen estilo propioraino jardun dute elkarrizketan, luze eta sakon.
Horrekin batera, ordea, aste honetan beste opari bat ere jaso du Zubeldiak, oraingoan Iban Urdangarin adiskide eta lagun ataundarrak bertso eran egina. Zazpi bertsoko ‘Nire begietatik‘ sorta eskaini dio, ‘Azken arnasa eman nahi nuke’ doinuarekin.
Lagin modura, hona bertso bat:
Bare artean jaioa eta
bele artean hezia,
praile artean ikasia ta
artzain artean hezia,
lehengo mundua ta oraingoa
ontzi berean nahasia,
denetik dauka, jakinduria
karisma, txispa, grazia,
baina batik-bat nor izateko
ikuspuntu berezia
Sorta osorik irakurtzeko, Bertsolari aldizkariaren webgunean duzu aukera.