«Nire pasioak ekarri nau hona»
Aurredenboraldiko lana egiten ari da Ampo Ordiziako entrenatzaile berria. Mario Barandiaran du ispilu; jokalariak hobetzen eta trebakuntzan jarriko ditu indarrak.
Aste gutxi daramazu Ordizian. Nolakoak izan dira lehen sentipenak?
Lehenik eta behin esan nahiko nuke, oso ondo hartu nautela, eta horregatik, oso pozik nagoela. Gainera, herriarentzat oso momentu berezian iritsi nintzen, Euskal Jaietan, eta interesgarria izan zen, bertako ohiturak, festak bizitzeko modua eta jendea ezagutzen hasteko.
Gainontzean, Argentinatik, Buenos Airestik nator, beraz, herrialde, herri, kultura, talde, idiosinkrasia,… dena da berria niretzat! Hala, urte osoan zehar inguratuko nauen jendearekin denbora asko pasatzen saiatzen ari naiz, pertsonen arteko harremanak garrantzitsuak direlako, epe luzera begira, batez ere. Pozik nago!
Aurre denboraldiko lana egiten zabiltzate, lehen partida ere jokatu zenuten iragan larunbatean, Gernika taldearen aurka, Altamiran.
Jokalarien maila fisikoa hobetzeko asmotan etorri naiz. Argentinan nengoela, diagnostiko bat egin ondoren, horregatik, prestakuntza oso gogorra izan da alde fisikotik, bi aste hauetan. Oro har, denboraldiko etapa hau da kritikoena jokalarientzat, higadurarik handiena duena, neke fisiko eta mental handia sortzen duelako.
Denboraldia hasteko bi aste ditugu oraindik, eta Gernikaren aurkako lagunartekoa prestaketaren parte izan da. Gogoa ere bazen baloiarekin topo egiten hastea, arerio baten aurka kontaktua izateko… Zelaian sentsazioak onak izan ziren, baina oraindik egiteko asko dago.
12 urteko ibilbidea duzu entrenatzaile gisa. Esan bezala, Argentinatik zatoz, Buenos Airesetik, San Isidro taldean entrenatzaile lanak egin dituzu. Desberdintasunik bada?
Bai, desberdina da. Baina oraindik goiz da gehiago esateko; denboraldia aurrera egin ahala ezagutuko dut hemengo liga, nahiz eta esan beharra daukadan, Iñigo Marotiasi esker osatu ahal izan dudala lehen argazki bat.
Baina bien bitartean esan dezaket, desberdintasun handienetako bat dela, jokalari kopuruari dagokiona. Hemen taldeak Buenos Airesen baino askoz laburragoak dira. Hasiera batean 150-180 jokalari inguru dituzte han, eta 30 inguru, hemen. 23 urtez azpiko taldea daukagu Ordizian, Argentinan ere bai, baina gainetik beste bost talde dituzte han.
Esan bezala, San Isidrotik nator, 300.000 biztanle baino gehixeago dituen herri bat da, eta gainera, Argentinako errugbiko hiriburu nazionala da, bertan baitaude bi klub garrantzitsuenak. Mailarekiko ere aldea dago, ulertzekoa da. Bada, jokalari hobeak lortzen jarriko ditut indarrak. Jokalariek, beren aldetik, ateak ireki dizkidate, oso ondo hartu naute, oso jarrera ona dute, eta, egia esan, oso talde langilea da.
Jokalariekin ere gustura beraz….
Bai, gustura nago! Aurkitu dut talde elkartu bat, irekia, eta hori ona da niretzat ere. Kontutan izan behar da, urteak eman dituztela Iñigo Marotiasekin, harekin prozesu bat bizi izan zutela, eta gainera listoia oso altu jarrita utzi zuela; ligako finala jokatzera iritsi ziren. Beraz, erronka dibertigarria izango da.
Jokalarien inguruan esaten ari nintzenaren haritik, taldekide izateaz harago, harreman sendoak dituztela jabetu naiz. Klubean denbora pasatzea gustatzen zaie, klubetik kanpo zerbait hartzeko elkartzen dira, paseoan ateratzen dira,… Baina oso ondo bereizten dituzte bi arloak, errugbia eta kalea.
Argentinan ere antzera gertatzen da, izan ere, oso antzeko tradizioetatik gatoz.
Ordiziara iristean izan dituzun sentipenak deskribatu dituzu. Eta nolakoa zara zu entrenatzaile bezala?
Zein zaila! Esango nuke, metodikoa naizela, eta zorrotza, nire buruarekin batez ere. Entrenatzaile asko izan ditut; oso onak eta ez hain onak. Uste dut haien onena atera dudala, batez ere ez hain onetatik.
Uste dut jokalariek ondo pasatu behar dutela, oso garrantzitsua da hori. Ondoren, beste helburu batzuk jar ditzakegu, eta horiek ere idatzita daude. Baina nire metodologiari dagokionez, ez zait abstraktua izatea gustatzen, dena neurtu, zuzendu eta hobetu daitekeela uste dut, eta bai, errugbiak abstraktutik asko du; horrek sor lezake jokalari batek nola jokatu ez jakitea, horregatik saiatzen naiz jokalariari esaten hobea izan daitekeela, eta nola lor dezaken.
Gustuko dut dena neurtzea, diagnostiko zehatz bat izateko, eta, ondoren, garatzen naizen moduari dagokionez, oso adierazkorra naiz. Iruditzen zait, trebakuntza dela lehenetsi beharrekoa; azken urteetan gehien eboluzionatu duen kirola da errugbia, eta gaur egun, joera berriekin oso gaituta egon behar da, berritzailea izan behar da.
Jokalari izandakoa zara…
Sei urterekin hasi eta 29 urterekin utzi nion jokatzeari. Entrenatzaile lanetan, oraindik jokalari nintzela hasi nintzen. Txikitatik gustuko izan dut irakatsi didatena transmititzea, eta beti pentsatu izan badut ere, errugbiaz gozatzeko bide politena, jokatzea da, baina denetariko entrenatzaileak izan ditudanez, ez hain onak azken urteetan, entrenatua izatea ez nuen hain gustuko jada. Hala, momentu batean zerbait esnatu zen nigan; nire pasioa aurkitu nuen, hona ekarri nauena.
Nola jaso zenuen Ordizia Rugbyren eskaintza?
Sorpresa handia izan zen. Mario Barandiaranek deitu zidan esateko, Ordizia Rugby entrenatzaile bila zebilela. Oso harreman ona dut Barandiaranekin. Gaur egun Universitario Bilbao Rugby-n dabil entrenatzaile. VRAC taldearen entrenatzailea izan zen aurretik, eta titulu garrantzitsuak lortu zituzten. Jatorri euskalduna duen gizona, Argentinan entrenatzaile arrakastatsuenetako bat da, prestakuntzaren eta trebakuntzaren aldetik, eta beti izan da ispilu bat niretzat.
Hark deitu zidanean, oso gustura nengoen Argentinan, nire betiko taldea eta eremu erosoa dudana, San Isidro entrenatzen. Baina erronkak ere gustuko ditudanez, aurrera esan nuen.
Ordizia Rugbyren filosofiaz, zer kontatu dizute?
Hona iritsi aurretik, Ampo Ordiziaren partidak ikusi ditut, baina gainera, asko irakurri dut, Euskadiren, eta Ordiziaren inguruan: herri langilea da, herri sentimendu gogorra du… Horren guztiaren isla da taldea, eta lanerako askatasun handia izan da ere, energia horri eustearekin bat nator, izan ere, talde guztiek dute pertenentzia-sentimendua, baina Ordizia Rugbyk izaera are bereziagoa du, sugar bizi oso polita dute. Uste dut, Kawak asko markatu zuela baita ere; taldea indartu egin zuen nolabait.
Idatzita dauden erronkak aipatu dituzu. Horren inguruan zerbait gehiago esan zenezake?
Helburu asko ditugu. Nagusia Play Off-etara sailkatzea da. Oraindik, ikusi beharko dugu nola geratzen den egutegia, zeren printzipioz, urriaren 2an Bartzelonaren aurka hasiko gara, Altamiran, baina esan bezala, aldaketak egon daitezke.
Kirol emaitzez harago, hasieran esandakora bueltatuz, fisikoki eta trebakuntzaren arlotik hobetzea da beste helburuetako bat.
Eta nola ez, zaletuak erakartzea, haiek disfrutatzen ikustea, herriko taldearekin eta bertan jaio eta hazi diren jokalariekin identifikatuta sentitzen laguntzea.