Zaldibiako Udalak bigarren energia sorkuntza gunea udaletxeko teilatuan instalatuko du
56 panel kokatuko dituzte eta 25,2 kilowatteko potentzia sortuko du. Hiru udal azpiegitura hornituko dira horko energiarekin: udaletxea bera, Beti-Gazte taberna, eta mediku-etxea eta gaztetxea.
Zaldibiako Udalak energia garbiaren autoekoizpena eta autokontsumoa praktikan jartzeko bigarren proiektua onduta dauka. Udaletxeko teilatuan 56 eguzki plaka jarriko ditu. Esleipen prozesua aurreratuta dago, eta Tapia enpresak lortu du lana lehiaketan. 30.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko dio udalari. Urriaren bukaerarako plaka jarrita egotea espero dute, nahiz gero tramitazioekin denbora bat gehiago beharko den funtzionamenduan hasi ahal izateko.
Teilatuko instalazio fotovoltaiko berriak 25,2 kilowatteko potentzia izango du. Hiru gunetako kontsumoarentzat hornidura emango du: udaletxea bera, udaletxeko taberna, eta mediku etxea eta gaztetxea. Urteko sorkuntza estimatua 25.712 kilowatt/ordukoa da, eta autokontsumo tasak, sorkuntzarekiko %62koa eta kontsumoarekiko %20koa dira.
Haur eskolako plaka-instalazioa, iaztik lanean
Zaldibiako Udalak hiru urtean garatu duen bigarren energia-sorkuntza proiektua da. Lehenbizikoa, 2020an abiatu eta iaz gauzatu zuena, haur eskolako instalaz
io fotovoltaikoa da. Goienerrek landu zuen proiektu hura ere –teilatuko berria bezalaxe–, eta hura ere Tapiak instalatu zuen.
Goienerreko Eider Iribarrek gaur emandako datuen arabera, haur eskolako instalazioak 8 udal eraikinetako energia hornitzen ditu, autokontsumo konpartitu modalitatean; hau da, instalakuntza ez dago zuzenean eraikinari konektatuta, baizik eta hor sortzen den energia konpentsatzen da udal eraikin horiek hilean daukaten kontsumoarekin.
Urteko sorkuntza estimatua 40.600 kilowatt /ordu du, eta autokontsumo tasa sorkuntzarekiko %66, eta eraikin hauek daukaten kontsumoarekiko autokontsumo tasa %30ekoa da.
Auto elektrikoentzat karga-puntua aurki
Eztitxu Mujika alkateak, beste asmo baten berri ere aurreratu du: autoentzat karga elektrikorako puntu bat kokatuko dute, eskola alboko aparkalekuan, epe motzean. Horrez gain, udal biltegira beste puntu bat pasatuko dute, esleituta daukatelako udal brigadarentzako ibilgailu elektriko bat erostea.