Zaldibiako Udalak telekomunikazio zerbitzuak Izarkom euskal kooperatibarekin itundu ditu
Izarkomeko bazkide bihurtzeaz gain, telekomunikazioetako sarea kudeatzeko herritar ekimen publikoan urratsak egitea baloratu du kooperatibak. Udalak abantailak nabarmendu ditu, bai kostuaren jaitsieran, bai udal eraikinen Internet konexioan, bai kaleko wifi gune libreetan.
Zaldibiako Udalak eta Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboak gaur irudikatu dute bien arteko lankidetza akordioa. Udalbatzak uztaileko osoko bilkuran onartu zuen Izarkomen partaide bihurtzea, eta udalaren telekomunikzioak kooperatibaren zerbitzuetara pasatu dituzte abuztuan. “Telekomunikazio burujabetzanra bidean urratsak” egiten hasi direla baloratu dute bi aldeek.
Telekomunikazioen sektorea jabetza publikokoa izatetik enpresa transnazional handien esku pribatuetara nola igaro den deitoratu dute, Telefonica/Movistarren eta Euskaltelen kasuak aipatuz. Azpiegiturak diru publikoarekin eraiki, eta ondoren pribatizatu dutela salatu dute. Horren parean, eta telekomunikazio zerbitzua gaur egun “gizarte eskubide bat” bihurtu dela ulertuta, Internet sarbide “duina” izateko eta atzera azpiegitura-sarea esku publikoetan edukitzeko hartu dute erabakia.
Izarkomen sorreratiko ibilbidea “gertutik” jarraitu duela azaldu du Eztitxu Mujika alkateak. “Telekomunikazio gaietan gure erreferente eta hornitzaile bihurtu dira. Euskal Herrikoa, kooperatiboa, irabazi asmorik gabekoa, euskalduna… osagai guztiak ditu herri proiektu honek gure nazioaren eraikuntzarako”. Hala, zaldibiar guztiei ere Izarkomen aukerarekin bat egiteko deia zabaldu du.
Abantailak nabarmendu ditu alkateak. Lehen, operatzaile “ezagun” batekin hilean 1.600 euro gastatzen bazituen udalak telefonotan eta Interneten, orain, Izarkomen zerbitzuarekin, 600 eurora murriztu da hileko faktura.
Horrez gain, Zaldibian, udaletxean ezezik, Resti pilotalekura eta Herri Antzokira internet konexioa eramango dute aurki. Plazan eta inguruan, bestetik, kaleko wifi zerbitzua doan erabil daiteke; gaur goizean kokatu dute bigarren antena bat, udaletxeko etxaurrean dagoen armarri handiaren atzean. Sakelako telefonoan “Izarkom” aukeratuta, Internet konexioa libre eta doan daukate erabiltzaileek. Udaletxe barruan beste antena barreiatzaile bat dago, bulegoen eta aretoen konexioa asetzeko.
Sareak libre eta publiko izatearen garrantzia
Izarkomen ordezkari Iker Garaialdek, bere aldetik, kostu-aurrezkiari eta hornitzaile funtzioari baino gehiago, Zaldibiakoa bezalako udal bat kooperatibari atxikitzea baloratu du. “Erabaki horri balioa eman behar zaio, telekomunikazioakk transnazionalen eskuetatik atera eta herritarrak kide diren ekimenetara ekarrita”.
Telekomunikazio beharra Nazio Batuen Erakundeak berak aitortutako “gizarte eskubidea” dela gogorarazi du Garaialdek. “Baina benetan ez da horrela gertatzen”. Hala, zuntz sareak “publiko-komunitarioak” bihurtzea lortu behar dela aldarrikatu du. “Logikotzat hartzen dugu, tamalez, telekomunikazio sareak esku pribatuetan egotea. Sare horiek herritarrek eta instituzioek lantzen hastea garrantzitsua da. Sareek libreak behar dute izan”, azaldu du, Izarkomek eta gisako kooperatibek enpresa pribatuen sareak erabiltzeko dituzten zailtasunak eta oztopoak gaitzetsiz. Gaur egun, Zaldibian Movistarrek du zuntz sarea sartuta herri osoan, eta Euskaltelek zati batean.