Aftersun jaialdia, eguzki epeletako musika
Eguraldi eta musika-giro paregabea dute gaur Oiangura inguratzen diren guztiek. Aftersun musika jaialdia ospatzen ari dira, eguerditik. Arratsaldeari Iker Lauroba eta Beste Urtaroak hirukoak eman dio hasiera, eta Anari izango da gero.
Oianguk sekula aitzakiarik behar ez badu ere bisitan joateko, gaur ez zaio inori damutuko. Aftersun musika jaialdiaren giroak liluratuko ditu. Eguerdian hasita, hainbat talde eta bakarlari ari dira igarotzen Oianguren baserriaren alboko oholtzatik, atzeko paraje berde ikusgarriak hondoko oihal dituztela.
John Ritter eta Xabier Crehuet ordiziarrak ireki dute jaialdia, eguerdiko 12:30ean hasita. Familiak haurrekin joan dira, bereziki. Bertan bazkaldu dute askok. Arratsaldean, Iker Lauroba eta Beste Urtaroak hirukotea igo da oholtzatxora. Musika lasai entzungarriak goxatu ditu bestela ere eguzki epelak laztandutako zelaiak. Belazean eserita, atsegin ederrean jarraitu dute kontzertua.
Eguerdiko publikoa bikoiztu egin da arratsalderako. Anari Alberdi musikari azkoitiarra izango da hurrena, 17:30ean. Eguneko plater izarra izango da, eta jendetza espero dute ordurako. DJ Monky Manek, Yatzek eta atzera DJak borobilduko dute iluntzeko jarduna.
Parapente erakustaldiak egingo dituzte egunean zehar, eta 19:00etan globo aerostatikoan ibiltzeko aukera izango da.