Osinalderen aipamenak, beste 50 urterako
Osinalde bertso sariketaren 50. urteurreneko festa ospatzen ari dira, gaur, Gabirian. 42 bertsolari elkartu dira, inoiz sariketa hori irabazi dutenak. Goizean ekitaldia, bertso-poteoan hiru saio, eta, bazkariaren ondoren, arratsaldean saioa ari dira egiten.
Gabirian 42 bertsolari elkartu dira gaur. Denak ere lehenago Gabirian izanak dira, eta garaile ateratakoak. Osinalde bertsolari gazteen sariketa inoiz irabazitakoak. Lehiaketak iaz bete zituen 50 urte (1971n sortua da), eta aurten, gaur ari dira mende erdiko jaia egiten.
Egunari hasiera ekitalditxo batek eman dio, eliza ondoko saloian. Xabier Zeberiok (bizirik den garaile zaharrena, 1974an), Mikel Mendizabalek eta Maialen Lujanbiok kantatu dituzte agurreko bertso bana. Ondoren, Iñaki Murua eta Euxebio Igartzabal antolatzaile eta bertsolariek, mahaitxo baten bueltan eserita, sariketaren 50 urteko ibilia errepasatu dute, galde-erantzun elkarrizketa modura.
Hasiera, Zumarragako Galeperra elkarteko lehiaketa izan zutela ispilu, antolatzen Igartzabal bera, Joxemari Landa eta Migel Agirre hasi zirela, Lucio Gabiriak asko lagundu ziela, eta kultur giroa suspertzeko antolaturiko ekimena izan zela oroitu du Igartzabalek. Lehenengo urtean, 1971n, kantatu zuten sei bertsolariak ere laguntzailetzat jo ditu. Ondoren, urtero sei bertsolari bilatzen “lanak” izaten zituztela gogoratu du, harik eta bertso eskoletako emaria jori hasi zen arte.
Historia iruditan eta argazkitan bildu duen bidea jarri dute gero, eta ekitaldiari azken agurra Ane Zuazubiskarrek eman dio, egungo irabazlea bera denez.
Ondoren, plazan taldeko argazkia atera, eta Osinalde elkartera joan dira, hamaiketakoa egiteko. Lehenengo saioa han egin dute sei bertsolarik, Jokin Muruaren gai eta esanetara. Millan Telleria, Xabier Euzkitze, Ainhoa Agirreazaldegi, Bixente Gorostidi, Uxue Alberdi eta Nerea Ibartzabal aritu dira bertsotan.
Jarraian, Ostatuaren atarian, beste saio bat egin dute Loidisaletxek, Amaia Iturriotzek, Nerea Elustondok, Mikel Artolak, Nahikari Gabilondok eta Joanes Illarregik. Eñaut Asurabarrenak aurkeztu du hori. Azken saiotxoa, bazkal aurretik, Erbe elkartean izan da –han jokatu zen lehenengo saioa; gainerakoak Osinalden, 2021ekoa izan ezik, elizan egin baitzen, pandemiaren neurriak zirela eta–. Xabier Narbarte, Iñaki Apalategi, Oihana Bartra, Ane Labaka, Eñaut Martikorena eta Aritz Aranburu izan dira han kantari.
Bazkaria elizatarian egin dute, 170 lagunek. Arratsaldean, pare bat orduko bertso saioa egingo dute, han bertan.
Argazkiak: Aimar Maiz