60 bat lagun elkartu dira bost herrien arteko 7. ibilaldian
Urtero bezala, gai baten inguruan sakontzeko aukera izan dute partaideek. Aurten ura izan da abiapuntua.
Aizkorpeko herrian arteko 7. ibilaldia egin dute 60 bat lagunek larunbatean, Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteek eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteek antolatuta. Zegama inguruan ibili dira.
Ez da ibilaldi soil bat izaten. Urtero gai ezberdin bati heltzen diote ibilaldian zehar horren inguruan sakontzeko. Aurten ura izan dute ardatz. Aiztgorri Electran bertako arduradunarekin izan ziren eta zentrala martxan ikusteko aukera izan zuten. Ibilaldian Anduetza interpretazio zentroko arduradunak azalpenak eman zizkien urak eragindakoen bueltan: elektrizitatea; gesaliturri eta gatz lantegia; Aizkorriko kareharriaren higadura; Kantauri itsasotik Mediterraneora nabigazio kanal bat egiteko asmoa XIX. mendean…
Ibilaldia bukatuta, eguerdirako itzuli ziren Zegamara, eta izena emandakoek bazkaria egin zuten Kontzejuan.
Irudiak: Jon Esnaola