Beasaingo erretiratuek etxe berria dute
Urbiberri gizarte etxe berria Beasaingo erretiratuen elkartearekin lankidetzan diseinatu eta eraiki da, haien behar nagusiei erantzunez.
Beasaingo jubilatuek egoitza berriko ateak ireki zituzten ostiral iluntzean. Urbiberri izena izango du aurrerantzean, garai bateko Urbi baserriaren izenetik hartua, bertan kokatu baitute topagune berria.
Solairu bakar batean, eta Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalea lotzen dituen igogailu berriaren bidez egoitzara heltzeko irisgarritasuna bermatuta dago. Inaugurazio ekitaldian, herritar ugari eta elkartekideez gain, udal ordezkariak izan ziren. Alkateak “herritarren ongizatean eragina duten zerbitzuak eta azpiegiturak ematearen garrantzia eta konpromisoa” nabarmendu zituen, “hori gobernu taldearen eguneroko eta etorkizuneko agendako eginkizunen artean aurkitzen baita”.
Bestalde, Jose Antonio Guirado Urbiberri zentro berria kudeatzeaz arduratzen den elkarteko presidenteak adierazi duenez, egoitza berriak aurreko eraikinean eskaintzen ziren zerbitzuak eta tailerrak eta sor daitezkeen berriak hartuko ditu, beti ere, zahartze aktiboa sustatzen duten jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Era berean, egoitza berriak bazkide “gazte” berriak erakartzeko baliagarria izatea espero duela azaldu du. Ekitaldian ere izan zen Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsionisten Elkarteko presidentea Felix Elkoroiribe. Honek egoitza berria goraipatu eta eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzeko desioa azaldu die bertaratuei.
Espazio guztiak solairu bakarrean
Egoitza, instalazio berri eta modernoez osatua, lau ikasgela, eskulanen tailerra, ileapaindegia, podologia gela eta batzarretarako bulegoa ditu, besteak beste. Horrez gain, hiru bainugela ditu, horietako bi egokituak eta kanpoaldean terraza handi bat. Taberna ere badago, bazkideei ezezik gainerako herritarrei ere zerbitzua eskaintzeko irekita egongo dena.