Gipuzkoako aldundiko aurrekonturako, hamar proiektu hobesteko aukera
Gaur Beasainen jarri dute informazio karpa, Zubimuzu plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bihar Ordiziako Plaza Nagusian izango dira eta asteazkenean Zumarragan, Piedad kalean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak “partaidetza eta entzute aktiboaren” aldeko apustua egin du eta “herritarren beharrak bertatik bertara ezagutzeko, eta gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko helarazi dizkiguzuen proposamenak jasotzeko”.
Honela, 22/23ko aurrekontu irekien lehenengo fasean gipuzkoarrek egindako 2.500 ekarpenetatik 36 zerrendatu dituzte eta, orain, bigarren fasean, horietatik hamar hobesteko aukera izango dute urriaren 7ra bitartean. “Herritarren proposamen batzuk kategoria desberdinetan multzokatu eta proiektu bihurtu ditugu, zure ustez gipuzkoarrentzat hamar onuragarrienak direnak hauta ditzazun”. 2.000.000 euroko zuzkidura jarri du aldundiak proiektu horiek aurrera eramateko.
Datozen egunetan hogei herritan egongo dira aldundiko teknikariak herritarren iritziak jasotzen. Gaur egun guztian, Beasaingo Zubimuzu plazan dauden bezala, bihar Ordiziako Plaza Nagusian eta asteazkenean Zumarragako Piedad kalean egongo dira, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Gipuzkoa.eus/partaidetza webgunearen bitartez ere eman daiteke iritzia. Azkenik, etxean jasotako gutuneko txartela ere eraman daiteke udaletako informazio bulegoetara.