Ataungo egoera sozioekonomikoaren azterketa egingo du Aztiker enpresak, udalak eskatuta
Aurreneko ekinaldian, jarduera ekonomikoren bat garatzen duten herritarren iritziak, bizipenak eta proposamenak jasoko dituzte. Beste bi fase ere aurreikusi dituzte. Hirigintza Plan Orokorra berritzen hasi aurretik eskuratu nahi du diagnosia udalak.
Ataungo egoera sozioekonomikoaren argazki bat aterako du udalak, Aztiker enpresaren bidez. Diagnosia egiteko lana eman dio enpresa horri, eta Hirigintza Plan Orokorra berritzen hasi aurretik, jarduera ekonomikoaren ehuna nolakoa den jakin nahi dute.
Hiru fase edo ekinaldi izango ditu Aztikerren azterketak. Aurrena, jarduera ekonomikoren bat egiten duten ataundarren iritziak, bizipenak eta proposamenak jasoko ditu. Ondoren, bigarren fasean, eragile eta arloko pertsona jakin batzuekin sakonduko dute testigantza bilketa, elkarrizketak eginda.
Hirugarren fasean, herritar guztiek izango dute ekarpenak emateko aukera, galdetegi bat beteta.
“Hirigintza Plan Orokorra berritzen hastekoak gara, eta, horretarako, behar-beharrezkoa izango da egoera sozioekonomikoaren azterlanean ahalik eta partaidetzarik zabalena izatea”, azaldu du udalak, herrian banatutako bandoan. Iritziak eta ekarpenak eman eta parte hartzera animatu ditu ataundarrak.