Ataungo mondejua nola egiten den ikasi ahalko da larunbatean
Mondeju egite ikastaroa antolatu du Jentilbaratza kultur elkarteak, Ataunen, irailaren 24rako. Pili Barandiaran ataundarrak emango ditu azalpenak.
Udazkenaren atarian, Ataunen ari dira prestatzen bertako mondeju beltza egiteko. Etxeetan ohitura galtzear edo apalduxea dela eta, Jentilbaratza kultur elkartea errezeta eta lanketa hori suspertzeko lanean ari da. Larunbat honetan, irailak 24, mondejua nola egiten den ikusi eta ikasi ahalko da.
Beste urte batzuetan bezala, Pili Barandiaran ataundarrak emango ditu azalpenak. Zapatuan 10:00etatik 13:00etara jardungo da, ikasi nahi duten guztiekin, San Martin auzoko Aizkoate elkartean.
Izena emateko telefono honetara deitu behar da: 616 37 59 83. Gaur (irailak 20, asteartea) da azken eguna horretarako.