'Azken balea' eta 'Bestelako basogintza', Asteklimaren barruan
Idiazabalgo Udalak bi jarduera antolatu ditu Asteklimaren 2. edizioaren barruan. Irailaren 23tik urriaren 2ra ospatuko da.
Idiazabalgo Udalak bi jarduera antolatu ditu Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen barruan. Batetik, ostiralean, hilaren 23an, ‘Azken balea!’ ikuskizuna egingo du Tomaxen abenturak taldeak futbitoan, 18:00etan. Eta bestetik, hilaren 28an, ‘Bestelako basogintza’ hitzaldia egingo da Tantai baso jabe kooperatibaren eskutik, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Irailaren 23tik urriaren 2ra ospatuko da Asteklimaren 2. edizioa. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek bere erakunde publikoen bidez bultzatutako ekimena da, eta klima eta energia trantsizioaren aurrean herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea du helburu.
‘Azken balea!’ antzezlana 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago. Muxi eta Tomax dira protagonistak. Aitonaren baporea hartu eta azken euskal balearen bila joango dira Kanadara. Bertan plastiko eta kutsadurarengatik arriskuan dagoen azken balea salbatzen ahaleginduko dira. Umorea, magia, kantak eta jolasak uztartuko dituzte emanaldian.
‘Bestelako basogintza’ hitzaldia, aldiz, herritar guztiei zuzenduta dago, eta bereziki baso jabeei. Egungo basogintzak dituen erronkei erantzun ahal izateko basogintza ereduaren inguruko azalpenak emango dituzte. Euskal herrian banda marroien gaitzak sortutako arazoez ere ariko dira. Idiazabalgo eta Euskal Herriko egoeraren testuingurua, erronka globalak, biodibertsitate galera, aldaketa klimatikoa eta izurriteak, ohiko basogintza eredua eta pinudien bilakaera Euskal Herrian, bestelako basogintza ereduak Tantai baso jabe kooperatibaren lana izango dute hizpide.
Ihobe-ren diru laguntza jaso du Idiazabalgo Udalak bi jardueretarako.