Hiru kultura-ekitaldi antolatu dituzte Lazkaon, Euskaraldia girotzeko
Lehenbizikoa ostiral honetan izango da, irailaren 23an, lau sortzaileren 'eRRe. Aldarri bat bertsoz'. Joseba Tapia trikitilariarekin elkarrizketa eta transexualitateaz solasaldia urriko lehen astean etorriko dira.
Lazkaon, datorren asteko kalejiraz gain, hiru ekitaldirekin girotuko dute Euskaraldiaren etorrera. Batetik, ostiral honetan Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Oihana Arana ariko dira Areria antzokian, 20:30ean. eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna egingo dute, Edurne Azkaratek zuzenduta.
Areriako atea 20:00etan irekiko dute, eta sarrera doan da.
Urriaren 4rako eta 5erako prestatu dituzte hurrengo bi saioak, biak Gerriko elkartean. Batetik, Joseba Tapia trikitilaria gonbidatuko dute Hitz&Musik ziklora. Bere ibilbideaz elkarrizketa egiteaz gain, musika emanaldi labur bat ere egingo du. Urriaren 4an, asteartea, 18:30ean izango da.
Biharamunean, urriaren 5ean, Transexualitatea haur eta gazteetan hitzaldia egingo dute, Gerriko txokoan, 18:30ean. Kattalin Miner eta Aingeru Mayor idazleak izango dira bertan, Liluratura zikloan. Minerrek Moio eleberria idatzi du, eta Transitos lana, jaiotzean esleitu zitzaien sexu-identitatearekin bat ez datozen 25 haurren eta gazteren testigantzekin.