Jaiak, inoiz baino alaiagoak
Bi urteko etenaren ondoren, urretxuarrek gogo biziz ospatu dituzte Santa Anastasia jaiak. 2019an bezala, karroza onenari saria Barunba kuadrillako gazteek irabazi dute

Luzeak egin zaizkie azken bi urteak urretxuarrei: ezin Santa Anastasia jaiak ospatu! Aurten ospatu ahal izan dituzte, azkenean. Eguraldi bikaina lagun, denak kalera atera dira. Ekitaldi guztiak jendetsuak eta alaiak izan dira. Irailerako munduaren amaiera iragarri zuten. Ez dago jakiterik zer helduko den, baina urretxuarrak irribarrea ahoan harrapatuko ditu. Gora Santa Anastasia jaiak eta gero gerokoak!
Festak atzo amaitu ziren, Kuadrillen Egunarekin. Goizean haurrentzako parkea egon zen Belaustegi plazan. Toki berean, haurrek moto eta patinete lasterketan parte hartu zuten. Ondoren, kuadrillek herri bazkaria egin zuten Abenidan. Arratsaldean ere haurrentzako parkea egon zen. Kuadrillek, berriz, sokatira txapelketan parte hartu zuten. Ondoren, urretxuarrek Iparragirre Balerdi musika bandarekin dantzaldia egin zuten Gernikako Arbola plazan. Urteroko moduan, jaiak kantu afariarekin amaitu ziren.
Euskal Jaia
Bezperan, igandean, Urretxuarrek Euskal Jaia egin zuten. Goizean, artisauen azoka, bertso saioa, erromeria, erraldoien kalejira eta kantu saioa egon ziren. Arratsaldean, eguneko ekitaldi nagusia egin zuten: karrozen ibilaldia. Hamar kuadrillek parte hartu zuten, zanpantzarrekin, dultzaineroekin, trikitilariekin, erraldoiekin, dantzariekin eta txistulariekin batera.
Karroza onenari saria Barunba kuadrillak irabazi zuen. 2019an ere, pandemia aurreko azken jaietan, beraiek irabazi zuen karroza onenari saria. Orduko hartan Notre Dameko Konkorduna izeneko karroza egin zuten eta aurten Amaiera duina izenekoa. Up pelikula ospetsuko istorioan oinarriturik, adineko pertsonen balioa eta baloreak aldarrikatu zituzten.
Aipatzekoa da ere, Eyak Jodiu kuadrillak azkeneko aldiz parte hartu zuela karrozen ibilaldian. 10 urtetan parte hartu dute. Nerabeak ziren oraindik lehenengoz karroza bat egin zutenean eta helduak dira egun. Nerabezarotik helduarora egindako bidean, gainontzeko karrozeroak lagun izan dituzte. Karrozeroen pabiloian ikasitako eta egindako guztiak heldutasunera bidean lagungarri izan dute, ziur. Beraiek utzi dute, baina atzetik beste batzuk etorriko dira.
Karrozen ibilaldiaren ondoren, gauean, euskararen aldeko kandela piztea egin zen. Adin guztietako jendea elkartu zen Gernikako Arbola plazan. Bukatzeko, Huntza taldeak kontzertua egin zuen. Urretxuko kontzertua birako azkena izan zen eta Huntzakoek amaiera ezin hobea izan zela aipatu zuten. Izan ere, Gernikako Arbola plaza txiki gelditu zen.
Larunbatean ere makina bat ekitaldi egon zen. Goizean abelgorrien erakusketa eta lehiaketa egin zuten. Herriko zazpi baserrik parte hartu zuten. 22 abelburu aurkeztu zituzten. Limousin onena Donardegi baserriko Lur des Mintegik aurkeztu zuen, frisoi onena Agerreko Iñaki Sasietak, mestizo onena Behibakarreko Begoña Izagirrek eta parda alpina onena Beain baserriko Milagros Aranburuk. Sarituek diploma eta intseminazio bana jaso zuten. Goizean zehar, bertso saioa, zezentxoak, idi probak eta Kresala taldearen dantza saioa ere egon ziren.
Larunbat arratsaldea
Arratsaldean, berriz, xake txapelketa, gastronomia lehiaketa, haurrentzako sukaldaritza tailerra, idi probak, txistularien alardea eta alaitasuna errondailaren emanaldia egon ziren.
Idi probari dagokionez, Ipeñarrietako idiak nagusitu ziren. 47 plaza osatu zituzten. Egoitz Armaolearen idiek 46 plaza egin zituzten, Iker Zubillaga Igeldoren idiek 33 plaza, 2 metro eta 10 zentimetro eta Ignazio Soraluze Kortaren idiek 31 plaza eta 5 metro. Patxi Aranberrik ezin izan zuen parte hartu. Haren partez Telleria lasartearra aritu zen, baina lehiaketatik kanpora. Lehian parte hartu zuten laurak Zumarragako Buzkantza Egunean ere lehiatuko dira eta orduan egiten dituzten neurriak larunbatekoei batuko dizkiete. Hiru onenak Santa Lutziko finalera sailkatuko dira.
Gastronomia lehiaketari dagokionez, 38 kuadrillek parte hartu zuten eta Ondo Segi nagusitu zen. Itxura onenari saria Gu Geu kuadrillak irabazi zuen. Alkor markako produktuen zozketa, berriz, Zalantza kuadrillak irabazi zuen. Gauean, Zelanda eta Reincidentes taldeek jo zuten Gernikako Arbola plazan. Larunbateko kontzertuan ere plaza txiki gelditu zen.
Jaiak, urtero bezala, ostiralean hasi ziren. Erraldoi kontzentrazioa, buruhandiak, musika bandaren eta txistularien kalejira eta hip-hop jaialdia egon ziren. Bi urteko etenaren ondoren, aurtengo festak bereziak izan dira eta pregoilariak ere kategorikoak izan dira: Aspacekoek irakurri zuten pregoia.