Mende erdi urre, harrobian
Bertsolari gazteen plaza izan den eta den Osinalde sariketa ospatu dute 50 urtean irabazle atera direnek, gabiriarrekin. 42 bertsolari batu dira. Iragana txalotzen eta oraina hornitzen segi dute, bertsoz.
Osinalde saria antolatzen 1971n hasi zirenean, baikorrenak ere nekez pentsatuko zuen 51 urte geroago, mende erdiko ospakizunik izango zenik; eta gutxiago 42 bertsolari elkartuko zirenik Gabirian. Seikotea bilatzen ere lanak izaten zituztela aitortu zuen, larunbatean, Eusebio Igartzabal antolatzaileak.
Bertsoz hasi eta bertsoz bukatu, sentipen, iritzi, aldarte eta maila askotako bertsogintzarekin hornitu zuten, zapatuan, Osinalde bertsolari gazteen 50. urteurreneko festa. Ia guztiek izan zuten kantatzeko aukera. Hilda dauden hiru (Patxi Iraola, Luis Otamendi eta Juan Inazio Begiristain), eta etortzerik izan ez duten lau (Laka, Aristorena, Izeta eta Sarasua; bertsoak bidali zituen azken honek) ez beste guztiak han ziren, irabazle zerrenda historikoa elkartzeko.
Zaharrenetik gazteenera
Bertsotan plazan aspaldi entzun gabekoak jardun dira, berriro. Xabier Zeberio itsasondoarra, bat. Hasierako agurreko bertso bat bota zuen, Maialen Lujanbio eta Mikel Mendizabalekin. Saloiko ekitaldia elkarrizketa formatura osatu zuten, Iñaki Murua galdetzaile eta Igartzabal erantzuten, historia eta balioak labur biltzeko. Azken garaile Ane Zuazubiskarrek jarri zion puntua.
Hiru bertso-saiotxo egin zituzten, bazkal aurretik: Osinalden, Ostatuan eta Erbien. Seina bertsolari, plazak aspaldi utzitako Xabier Euzkitze tartean; eta Loidisaletxe, Millan Telleria eta Xabier Narbarte beteranoak. Saio guztietan, aurkezletza errepikatu gabe aritzeko lain harrobi baduela erakutsi zuen herriak.
Eliza atarian, 170 lagunek bazkaldu zuten, Erramun Amundarainek eta laguntzaileek jarritako menua. Ondoren, bertsozko postre luzea. Bertso jarriak ekarri zituzten Unai Izagirrek eta Aritz Mujika, edo Iker Zubeldiak eta Iban Urdangarinek. Baita herriko bertsolariek ere, errepika Berrogeita hamar gutxi / direnik ez uste / eta segi dezala / beste hainbeste urte zerabiltela.
Duela 25 urteko makila
Omenaldi kutsua hartu zuen, bukaeran, saioak. Herriko bertsolariek Igartzabal eta Murua igoarazi zituzten oholtzatxora, eta bertso bat eskaini zien, hasiera eta iraupena ziurtatzen egin duten lanagatik: «Galeperratik Gabiriara / Luziok hasitakoa / iraunarazten jakin duzue / hori izan da gakoa. / Biok bakarrik baitakizue / bidean pasatakoa, / gure ustetan zuen lana da / gutxi eskertutakoa, / iragana ta etorkizuna /uztartzen egindakoa».
Igartzabalek, esker bertsoan, 1996an 25. urteurreneko saioan oparitu zioten makila, oraingoan bai, etxera eramango zuela iragarri zuen, Osinalde soziedadean utzi baitzuen orduan eta han egon da harrezkeroztik.
Hunkituta, eta bertsoak amaitu ezinik eskertu zuten iragana orainera ekarri duten bi kideek. Oraina geroratzeko hitza hartu zuten gazteagoek. Osinalderen aipamenak ezezik, sariketak ere izan daitezen beste 50 urtean.













