Ohitura zaharren egunaren harira, Ataungo 1950-1970 bitarteko argazki zaharrak bildu nahi dituzte
Herriko denda, taberna, zerbitzu, langile zaharren erretratuak eskatu dizkiete herritarrei. Kutxak, ogibideak, eskola garaiko argazkiak eta beste ere bai. Urriaren 23an ospatuko dute Ohitura Zaharren Eguna.
Ataungo 1950 eta 1970 arteko argazki zaharren bilketa egingo du Jentilbaratza kultur elkarteak. Urriaren 23an ospatuko den Ohitura Zaharren Egunaren harira antolatu dute ekimena, eta ataundarrei etxean izan ditzaketen erretratu eta argazkiak emateko eskatu die.
1950-1970 bitarteko epea hura “gogora ekarri” nahi dute, orduko argazkiekin bilduma bat osatuta. Honako gaiekin lotutakoak nahi lituzkete, batik bat: dendak eta tabernak (barrutik, kanpotik, jabeekin…), zerbitzuak (ile-apaindegiak, hojalateroak, okindegiak, kutxak…), ogibide desberdinenak, eskola garaikoak, “eta interesgarria iruditzen zaizuen edozein”.
Argazkiak utzi nahi dituenari bide hauek jarri dizkiote, elkartekoekin harremanetan ipintzeko: telefonoz (678 78 37 69, Eneko) edo posta elektronikoz (jentilbaratzake@gmail.com).