Olaberrian Jolas Txokoa erabilgarri izango dute aurten ere lau urtetik 11ra bitarteko haurrek
Izena emateko epea zabaldu du udalak, eta irailaren 29ra arte apunta daiteke. Astegunetan arratsaldero irekiko dute txokoa.
Olaberriko haurrei aisialdi eta egonleku zerbitzua ematen dien Jolas Txokoaren eskaintza egin du udalak. Lau urtetik 11ra arteko neska-mutikoak joan litezke, eta izena emateko epea irailaren 29ra arte jarri dute. Udaletxean edo Google Forms plataformako galdetegia beteta apunta liteke.
Jolas Txokoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 16:30etik 19:00etara. Eguneroko zerbitzuaz gain, 8-11 urte bitartekoekin hamabostean behin jarduera bereziak egingo dituzte, ostiraletan.
Matrikula-prezioei dagokienez, seme-alaba batena 60 euro ordaindu behar da, eta bigarren senideagatik 45 euro gehiago jarri beharko da. Hirugarrena doan da.