Xanti Lizarragak irabazi du Goierriko ehiza txikiko txapelketa
Bigarren postua Beasaingo Aitz Zorrotz Elkarteko Manuel Piñeirak lortu du, eta hirugarrena Ordiziako Azari Elkarteko Jokin Iturriozek.
Goierriko ehiza txikiko txapelketa jokatu da larunbatean Santa Cruz del Fierroko (Araba) ‘El Castillo’ ehiza-barrutian. Zaldibiako Gaztelu elkarteko Xanti Lizarraga izan da irabazlea. Urtero eskualdeko elkarte ezberdin bat arduratzen da txapelketa antolatzeaz eta aurten Segurako Txoritegi Elkarteari egokitu zaio.
Bigarren izan da Beasaingo Aitz Zorrotz Elkarteko Manuel Piñeira, eta hirugarren Ordiziako Azari Elkarteko Jokin Iturrioz. Beteranoen kategorian, berriz, Aitz Zorrotz elkarteko Jose Luis Iparragirre izan da irabazlea, eta gazteen kategorian Zegamako Karraztarro elkarteko Ander Ormazabal.
Urriaren 2an ehiza-barruti berean Gipuzkoako ehiza txiki txapelketa ospatuko da. Goierritik seniorretan Xanti Lizarraga, Manuel Piñeira eta Jokin Iturrioz joango dira Gipuzkoakora, beteranoen mailan Jose Luis Iparragirre eta Lorenzo Iparragirre, eta gazteen mailan Ander Ormazabal eta Oier Urbitarte.