'Urrup & Eukene' estreinatu dute
Duela 30 urte estreinatu zuen oholtza gainean lehen antzezlana, Ordiziako Urrup antzerki taldeak. Horren aitzakian, estreinatutako azkeneko 21 obren kartelak ikusgai daude Barrenan
Oholtza gainera igotzen ez bada ere, Urrup antzerki taldeko aktore bat gehiago da Eukene Lekuona diseinatzaile ordiziarra. Bera izan da Ordiziako antzerki taldeak estreinatu dituen obra gehienen kartelak egin dituena. Duela 30 urte estreinatu zen oholtza gainean Urrup antzerki taldea eta urteurrena baliatuz, Lekuonak ondutako kartelekin erakusketa bat sortu, Urrup & Eukene izenburupean eta Ordiziako Barrena Kultur etxean ikusgai egongo da, urriaren 8ra arte.
Urrup antzerki taldearen sorreran, «ahal genuen bezala egiten genituen antzezlanak iragartzeko kartelak; eskuz, collage modukoak osatzen genituen», azaldu du Rosa Rojok, Urrupeko zuzendariak. «Hasi eta gutxira agertu zen Eukene Lekuona gure bizitzetan, eta handik aurrera bera izan da gure erreferentziazko diseinatzailea, publizista, estreinu bakoitzari irudia jarri diona», gehitu du.
«Erabateko konexioa dugu», jarraitu du Lekuonak berak; «Estreinatuko duten lanaren inguruko lau xehetasun kontatzen dizkidate, eta horrekin hasten naiz lanean. Ondoren, argazki sesio bat egiten dugu; saiatzen naiz egun horretarako hainbat ideia eramaten, nahiz eta batzutan azken momentuko inprobisazioarekin jolastu behar izaten dugun. Baina hala izanda ere, dena ondo ateratzen da, beti. Hain erraza da beraiekin lan egitea…Oso ongi ulertzen gara, oso gozagarria da beraiekin lan egitea», azpimarratu du.
Argazki sesioen eguna «festa bat da guretzat», eta «irrikitan egoten gara emaitza ikusteko», kontatu dute taldeko aktoreek. Eukeneren eta Urrupeko kideak «elkar ondo ulertzen» dute, eta «emaitzarekin oso gustura geratu ohi gara, lortzen duelako, oholtzara eramango dugun obraren esentzia guztia murriztea».
30 urte lehenen estreinutik
Aghata Christie, Garcia Lorca, Shakespeare eta beste hainbat eta hainbat autoreren komedia, drama, musikal eta beste mota askotako antzezlan ugari taularatu ditu Ordiziako Urrup antzerki taldeak bere sorreratik. Dena den, antzezlanak taula gainera eramatea baino harago doa talde honen eginkizuna; lagun taldea, gertutasuna, konfidantza, une politak eta ez hain politak konpartitzeko gunea ere izan da taldeko kideentzat. Horixe izango da, ziur, horrenbeste urtez bizirauteko sekretua.
Oianguren institutuan eman zituen lehen urratsak Urrupek. Garai hartan, Oiangurenen bazen institutuko ikasleek osatutako antzerki talde bat. Fran Gartzia zen haien irakaslea eta taldearen zuzendaria; lehen hazia erein zuena.
Baina hastapenak sarri ez dira errazak izaten eta Urrupen kasuan ere hala izan zen; taldeko hainbat kide, unibertsitateko ikasketak zirela medio, denbora batez kanpora joan ziren. Une hartara arte egindako lan guztia alde batera utzi ezin zela pentsatuz, Marisol Caverok taldea berriro ere martxan jartzea proposatu zion herrian gelditutako hainbati. Arrate Leunda ere tartean zen, Urrup taldeko beste kide historikoetako bat.
Cavero zuzendari lanetan jarrita, Cuentalo tu que tienes mas gracia —Kontatu zuk, grazia gehiago duzula— antzezlana estreinatu zuten. Madrilgo erdigunean kokatutako hotel bat, hiru prostituta eta beren bezeroen arteko harremanen inguruan aritzen zen, guztia umore giroan.
Urrupen 25. urteurreneren aitzakian GOIBERRI aldizkarirako egindako elkarrizketan barre artean gogoratzen zuten Leundak eta Caverok. Izan ere, obraren estreinaldirako eguna hartu eta aktoreen zerrenda osatu zuen zuzendariak, taldekoekin kontsultatu gabe; «entsegu egun batean, estreinaldirako eguna jarrita zegoela» esan ziela kontatu zuen Goiberrirako. Ziurrenik, taldeak martxa hartzeko behar zuen bultzada zen, nahiz eta une hartan guztiak jota utziko zituen.
2022, urte gogoangarria
Baina kokildu gabe, aurrera egin zuten. Caveroren erabakiak «entseguak seriotasun gehiagorekin hartzeko» balio izan ziela esan du Leundak. Estreinekoaren egunaren presiopean, «lana gogotik» egin zuten eta «emaitza ere mundiala» izan zela kontatu du Ordiziako aktoreak. «Gehiegi espero gabe, antzokia jendez bete» egin zela gogoratu du Leundak eta «publikoak izandako jarrera oso ona» izan zela.
Urrup antzerki taldeak jendaurrera eraman zuen lehenengo antzezlana zen eta emaitza ikusita «lanean jarraitzeko indar biziz» bete zituen taldekideak. Horrela sortu zen Urrup antzerki taldea.
Handik urtebetera, gaur egun taldearen zuzendari Rosa Rojo beasaindarrak hartu zuen gidaritza. Pare parean egokitu ziren bi aldeak: Antzerki talde baten bila zebilen une hartan Rojo eta Ordiziako taldea, berriz, zuzendari baten bila.
Antzerkiaren munduan esperientzia handia duen emakumea da Rojo. Granadan izan zuen antzerkiarekin bere lehen harremana, aktore lanetan. Sei urte igaro zituen han eta ondoren Madrilera joan zen bizitzera. Interpretazio ikasketak egin zituen han.
30 urte hauetako mugarrietako bat ipini dute aurten. Taldeko kide batek idatzitako antzezlana estreinatu dute lehenengoz. Ana Martinezek idatzi du eta Tuppersex du izenburu. Urrup antzerki taldeak estreinatutako azken lana da Tuppersex; martxoaren 11an izan zen estreinua, Ordiziako Herri antzokian. Antzerki taldeko kide den Ana Martinezek idatzitako lehen lana. Urrupeko kide batek idatzi eta oholtza gainera eraman duten lehena da gainera.