Ataunen gaur hasiko da III. Natur Zikloa, 'Itsasoiko' dokumentalaren emanaldiarekin
Herri Antzokian 19:00etan izango da emanaldia. Datorren astean osatuko dute egitaraua, beste hiru ekitaldiarekin.
Ataunen agroekologiari eta elikadurari eskainitako III. Natur Zikloaren egitaraua gaur hasiko da, irailak 22, osteguna. Otsotarrak taldeak antolatu du, eta denetariko osagaiak izango ditu. Hasteko, lehenbiziko ekitaldia Itsasoiko. Itsasotik sasoikoa dokumentalaren emanaldia izango da.
Herri Antzokian, gaur 19:00etan izango da Itsasoiko ikusteko aukera. Sarrera libre da. Kantauri itsasoaren ertzeko herrietako bilakaera islatzen du dokumentalak. Garai bateko arrantza moduetatik gaur egungo arrain industriaren eredura izan den aldaketa erakusten du. Arrantzak Euskal Herriaren nortasunean, historian, kulturan eta ondarean utzi duen aztarna ere errepasatzen du.
Baina, beti ere, herritarrei gogoeta eginarazi nahi die, zein arrain mota kontsumitzen duten, zer arrain erosten duten, eta zein ondare babestu nahi duten galdetuta. “Elikadura burujabetzak gure herriaren aldeko jarrera bat erakusteaz gain, nortasunaren, lan eremuaren, ingurunearen eta jarduera jasangarrien aldeko apustua bermatzen du”, dio dokumentalaren sinopsiak.
Datorren astean gauzatuko da Natur Zikloaren gainerakoa.
Ataungo III. Natur Zikloaren egitaraua:
- Irailak 22, osteguna. Itsasoiko dokumentalaren emanaldia. Herri Antzokian, 19:00etan. Sarrera libre.
- Irailak 27, asteartea. ‘Nolakoa izango da gure etorkizuneko elikadura?’ gaiaren inguruan solasaldi-merienda. San Martingo plazan, 18:30ean.
- Irailak 29, osteguna. Agroekologiari buruzko informazio eta sentsibilizazio mahaiak. San Martingo plazan 12:00etatik 13:00etara; San Gregorioko plazan 18:00etatik 19:00etara.
- Irailak 30, ostirala. Zure platerean hasten da mundua filmaren emanaldia, Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioek ekoitzia. Ondoren, herriko ekoizleekin eta elkarteekin solasaldia. Herri Antzokian, 19:00etan.
- Urriak 1, larunbata. Itsasoko Urteaga eta Urkulegi baserrietara txango gidatua. Baserri-ekoizpenak ikusi eta produktu dastaketa. 10:30ean. Izena eman behar da (635 202 146).