Ataunen kaleko katuak ugaritu direla-eta neurriak hartuko dituzte
Batez ere San Martin auzoan gehiegizko katu kopurua "arazoa" bihurtu dela azaldu du udalak. Herritarrei janaririk ez emateko eskatu die.
Kale-katuen kopurua «asko» hazi dela eta «hainbat arazo» sortu dituztela ohartarazi du Ataungo Udalak, berriki etxeetara zabaldutako ohar batean. Batez ere San Martingo plazan, lurpeko aparkalekuan eta inguruetan sumatu dute ugalkuntza.
Zer neurri hartu daitezkeen aztertzen ari dela aurreratu du udalak, ohar berean. Bien bitartean, katuei janik ez emateko eskatu die herritarrei, ugalkuntzaren eragileetako bat hori delakoan.