"Abuztuko saioetako gorputzaldiari eutsi nahi nioke txapelketan"
Nerea Elustondo legazpiarrari lehen faseko lehen kanporaketan kantatzea egokitu zaio, larunbatean, Getxoko Muxikebarri zentroan, 17:00etan.
Laugarren aldiz ariko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian Nerea Elustondo Plazaola (Legazpi, 1981). Lehen faseko lehen kanporaketan kantatzea egokitu zaio, larunbatean, Getxoko Muxikebarri zentroan, 17:00etan. «Lehenengo kanporaketan kantatzea tokatu zait eta aukeran eskertuko nukeen erreferentziaren bat ikusi eta gero kantatzea, baina dagoenera moldatu beharko da».
Abuztuan festatako hainbat saiotan kantatu du legazpiarrak, eta «nahiko sentsazio onak» izan dituela nabarmendu zuen joan den astean GoiBerri aldizkarian. «Gorputzaldi horri eutsi nahi nioke», gehitu zuen.
«Helburuak pixkanaka» jartzearen aldekoa da, eta Getxoko kanporaketan «ahalik eta saiorik onena» egin nahi lukeela dio, «horrek hurrengo faserako txartela suposa dezakeelako». Hala ere, nahiago du zuhurra izan, «aldez aurretik erronka handirik botatzen» hasi ordez: «Ea oholtzan asmatzen dudan esan beharrekoak esaten».