Ijitoa hartzeko ilusioz
Bizi Nahi jubilatuen elkarteko kideak izango dira Itsasondoko jaietako pregoilariak eta haien eskutik jaitsiko da ijitoa. Gaur kuadrilla eguna eta bihar mozorroen eguna ospatuko dituzte.
Hiru urteren bueltan herriko festak ospatzear daude Itsasondon. Atzo arratsaldean izan ziren jaien barruan antolatu dituzten lehen bi ekitaldiak, baina gaurtik aurrerakoak izango dira egun handiak. Gaur ospatuko dute kuadrillen eguna. Bizi Nahi jubilatuen elkartekoek botako dute pregoia eta haien eskutik egingo da ijitoaren jaitsiera. Gaurkoen artean nabarmentzekoak, herri afaria egingo dutela, 200 pertsona inguru elkartuko dira mahaiaren bueltan, eta ondoren, Trikidantz taldearen kontzertua izango dela.
Mozorroen eguna
Indioak eta cowboyak izango da biharko mozorro eguneko gaia. Eguerdian, Beitiko txirrindu igoera egingo dute gaztetxoek. Bazkaltzeko berriz, paella izango da txartela hartu dutenentzat, Arratsaldeko Ijito show-a bertan behera geratu da, jende gutxik eman duelako izena.
Igandean amaituko dira festak. 19:30ean igoko dute ijitoa, datorren urtera arte. Ondoren, sagardo dastaketa izango da. Zazpi sagardo etxek parte hartuko dute.
Autobus zerbitzua izango da gauean, Beasaindik, Ordiziatik, Zaldibiatik, eta Legorretatik.
Hainbat ohar
Bestalde, Itsasondoko Udalak bi mezu zabaldu ditu. Batetik, herriko etxeetako leiho eta balkoiak ikurrinaz betetzeko deia egin dute. Bestetik, Beldur Barik jarrera berretsi dute; hala, ez da erasorik onartuko.
Eta bukatzeko, gogoratu, festako bideoa osatzeko ekitaldietan ateratako argazkiak bidal daitezkeela, argazkiak@itsasondo.eus epostara.
EGITARAUA
Irailak 23, ostirala
- 16:30: Zinta karrera eta ondoren askari festa.
- 17:30: Helduen jolasak.
- 18:30: Pregoia eta ijito jaitsiera. Ondoren, Batukaleroak.
- 21:00: Herri afaria.
- 23:30: Trikidantz. Goizaldean baratxuri zopa eta txokolatea.
Irailak 24, larunbata
- 09:00: Goiz eresia.
- 12:00: Beitiko igoera.
- 14:30: Paella jana.
- 17:30: Txan magoa.
- 19:00: Ijito Showa.
- 20:30: Hanburgesa jana.
- 22:30: Matraka elektrotxaranga.
- 00:00: DJ Unax Naza.
Irailak 25, igandea
- 09:00: Goiz eresia.
- 10:00: Puzgarriak, Beiti kalean.
- 12:00: Hamaiketakoa, herriko plazan.
- 16:00: Puzgarriak, Beiti kalean.
- 18:30: Pilota partida.
- 19:30: Pregoia eta ijitoaren igoera.
- 20:00: Sagardo dastaketa.