Josetxo Imaz memoriala jokatuko da igandean, Lazkaon hasi eta buka
Igande goizean jokatuko da lasterketa Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Haur eta helduen artean, 600dik gora korrikalarik parte hartzea espero dute.
Zerura begira daude Txindoki Atletismo Taldeko kideak; Josetxo Imaz memoriala antolatu baitute iganderako, eta eguraldi iragarpenak euria egingo duela dio. Ondo bidean, eutsiko dio. Horretaz aparte, ilusioa da nagusi, ostera ere, Josetxo Imaz oroituko dutelako, gehien maite zuen kirolaren bidez. 12. edizioa izango da aurtengoa.
Aurten, Lazkaon abiatu eta bukatuko da lasterketa. 10 kilometroko ibilbidea osatuko dute partaideek, Ordizia eta Beasain zeharkatuta. Proban parte hartzeko izena eman behar da (kronoak.com). Antolakuntzak aurreratu duenez, 220 pertsona daude izena emanda eta espero dute, 300 izen emateetara iritsiz.
Haurren probak ere izango dira, oso parte hartze zabalarekin gainera; benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako 330 gaztetxo espero baitituzte.
Lasterketa herrikoia 11:00etan abiatuko da. Haurrena, 10:00etan.