Lazkaoko nekazaritzari jarriko diote arreta igandean, Basherri Egunarekin
Baserrietako ganadu, produktu eta lanbide azokaren hamargarren ekitaldia ospatuko dute. Hamabi bat baserrik parte hartuko dute. Txerriki pintxoak izango dira, parrillan.
Lazkaoko lehen sektoreari eskainitako X. Basherri Eguna igandean ospatuko dute. Urteroko eran, baserrietatik ekarritako produktu onenak, abelburu ederrenak eta animalia ugarienak erakutsiko dituzte. Azoka 10:00etan hasiko da, Lazkaoko plazan, eta eguarte osoan izango da nekazaritzaren lagin bat ikusteko eta jakiak erosteko modua.
Guztira, Lazkaoko hamabi-bat baserrik parte hartuko dute. Lauk salmenta postuak jarriko dituzte, esneki, gazta, okela eta barazkiak eskaintzeko. Animalia erakusketara zazpi baserrik eramango dituzte mota askotako aziendak.
Aurten, baliteke abelburu edo behi sailean gutxiago izatea, gaitz baten ondorioz osasun baldintzak gogortu eta baimenak zaildu baitira. Baina, hala eta guztiz, herriko behi eta txekor erakusketa ziurtatuta dagoela azaldu dute antolatzaileek.
Txomin Parrillak, jatekoa
Basherri Eguna Lazkaoko baserritarrek antolatu dute, udalaren babesarekin. Azokak 10. aldia duenez, berritasun modura Txomin Parrilla ekarriko dute, bertako produktuak jartzeko. Txerrikiak erretzeko asmoa du, eta pintxotan salduko dute.
Jai giroko osagaiak ere ez dira faltako. Josetxo Imazen Oroimeneko korrika lasterketaren hasiera eta helmuga ere Lazkao izango denez, kaleko animazioa eta jendearen emana handiak izango dira.
Enparandegi baserrikoek, ohiturari jarraituz, garai batean baserrietan egiten zen langintza zahar bat, gaur egun jada galdua, berpiztuko du erakusketan. Lihoaren inguruko lanak, tresnak, teknikak eta aplikazioak azalduko dituzte, goiz osoan.
Erosleen artean, bi saski produktu eta hiru bonu zozkatuko dituzte, bertako ekoizpena egiten duten baserrietan erosteko.