Monumentu multzokoa baino belardi hobea
Igartzako futbol zelaiko belarra aldatzeko lanak amaitu dira: belardia lehen baino hobea, handiagoa eta hobeto argiztatua eta jantzia dago. Harmailetako segurtasuna ere handitu dute.
Igartzako monumentu multzoko eraikinak belardi dotore, zabal eta apain batek lotzen ditu. Berdeguneari konpetentzia sortu zaio auzoan, ordea: Igartza futbol zelaiko berdeguneak alfonbra bat dirudi orain, konponketa lanak gauzatuta. Atzo aurkeztu zuten itxura berritutako zelaia Leire Artola alkateak, Adur Ugartemendia Lurraldea saileko zinegotziak, Kepa Lasa Beasain Kirol Elkarteko presidenteak eta lanak gidatu dituzten Obras y Pavimentos especiales S.A. enpresako arduradunek. Datorren asteburuan jasoko ditu lehen partidak bertan.
Belardia errotik aldatu dute udan, lehiaketarik ez dagoela baliatuta. Ureztatze eta drainatze sistemak ere hobetu dituzte, bide batez. Horrez gain, azalera handitu dute, beste kirol modalitate batzuk jokatu ahal izateko. Beasain eta Goierri Gorri futbol taldeez gain Caribeños softbol taldeak bertan jokatzen du. Neurri berrira egokitzeko, argi-dorreak mugitu dituzte eta fokuak, aldatu. Ateak eta ordezkoen aulkiak ere berriak dira. Eta berdegunetik kanpo, harmailetako baranda aldatu dute segurtasuna areagotzeko, sareak indartu dituzte eta langa berritu dute.
Goierri Gorrik, etxean
Alkateak esan zuen lanak «presazkoak» zirela, «kalitatezko zerbitzua bermatzeko». Izan ere, aitortu du instalazioa egoera «kaxkarrean» zegoela, besteak beste, belardiaren bizi itxaropena agortuta zegoelako.
Goierri Gorrik etxean jokatuko du asteburu honetan, baina Loinatz futbol zelaian. Igandean jokatuko dute, 16:00etan, Leioaren aurka. Denboraldiko lehen garaipena nahi dute. Beasaingo talde nagusiak, berriz, Tarazonan (Espainia) jokatuko du, etzi.