Zegamako mendi duatloikoak Aizkorrira igoko dira azkenean
Iragarrita dagoen eguraldia dela eta zira eraman beharko dute parte hartzaileek lasterketa osoan, derrigorrez.
Bihar jokatuko da Zegama Aizkorri mendi duatloia, 16:00etatik aurrera. Astebururako iragarrita dagoen eguraldiagatik zirkuituan aldaketak egon zitezkeela jakinarazi zuen atzo proba antolatzen duen Elkartu Nahi Elkarteak, duatloia Zegaman bertan eginez, Aizkorrira igo gabe. Azkenean, baina, aurreikusita zuten moduan egingo da lasterketa. Parte hartzaileek derrigorrez zira eraman beharko dute jantzita proba osoan zehar. “Aste hasieran, larunbateko eguraldi iragarpenak euri asko ematen zuenez, zalantzak genituen Aizkorrira igotzeko segurtasun bermerik izango genuen ala ez. Jakin dugu emanda zeuden euri jasa horiek ez direla horrenbestekoak izango eta Aizkorrira igotzeko zailtasun handiena aldapa behera izango dela. Beraz, bihar Aizkorri igoko dugu. Hori bai, derrigorrezko material bezala, parte hartzaile guztiek zira eraman beharko dute gainean lasterketa guztian zehar”, jakinarazi dute antolatzaileek.