35 egun daramatzate greba mugagabean Irizarreko autobusak garbitzen dituzten langileak
Azpikontratatutako Teliman enpresako langileak dira. Atzo, 34. greba egunean, kanpaldia egin zuten Ormaiztegiko enpresa parean.
35. greba eguna egin dute gaur Irizarreko autobusak garbitzen dituzten langileak. Uztailean eta abuztuan greba egun batzuk egin zituzten, eta irailaren 19tik greba mugagabean daude. Azpikontratatutako Teliman enpresako langileak dira. Irizarri eskatzen diote kontratatzen duten enpresa izanik erantzukizun zatia bere gain hartzeko.
2020an negoziaketa hasi zuen 24 emakumez osatutako langile taldeak Telimanekin, baina pandemia garaian bertan behera geratu zen eta aurten berrekin diote. Langileek eros ahalmena bermatu ahal izateko lan baldintzak hobetzea eskatu dute, produktu toxikoekin lan egiteagatik plus toxikoa kontuan hartzea eta bajetako osagarria txertatzea akordioan.
Atzo, 34. greba egunean, Irizar parean kanpaldia egin zuten, Ormaiztegin. Goizero elkartzen dira bertan greba mugagabea hasi zutenetik.