Udazken giroko baserri erakusketa Lazkaon
Ganadua ardatz hartuta, Lazkaon igandean egin zuten herriko nekazarien erakusleiho den Basherri Eguna, hamargarren aldiz. Postuek ere jakin mina bereganatu zuten, tartean lihoari buruzkoak.
Basherri Egunaren hamargarren ekitaldiak eman dio Lazkaon udazkenari ongietorria. Eguerdiko euri zaparradak ez zuen jendearen jarioa histu, eta frontoiaren aterpean zeuden postuetara bildu ziren ikusle ugariak. Bien bitartean, ohitura den bezala, plaza animaliek hartua zuten: behor, behi, ahuntz, ardi, asto, txerri eta ahate.
Lazkaoko baserrietatik apain eramandako aziendek edertu dute, beste behin, Basherri Eguna. Behorrak izan dira ugarienak aurten ere, baina gaitzen kontrako arau zurrunak eta berrogeialdiak beteta, behi aziendek ere presentzia izan dute, esnetarakoek eta pirenaika okeletakoek.
Lihoaren langintza
Frontoian hegazti erakusketarekin eta Txomin Parrillaren jateko ketuekin batera, nekazarien jakien postuak jarri zituzten. Haiekin batera, Enparandegi baserriko Mari Carmen Garinek galdutako lanbide zahar baten berri eraman du, Lasarteko ehule batzuen laguntzaz: lihogintza. Liho landarea ereiten eta biltzen du baserrian. Zuntzarekin ez du haririk iruten eta oihalik ehuntzen, baina aspaldiko jantziak erakutsi ditu, etxean gordeak.













