Zaldibiak beste urtebeterako luzatu du Herri Hezitzaileen Sarearekin hitzarmena
Haurren heziketa herriko nahiz gizarteko arlo desberdinetan nola txertatu eta elkarbanatu jorratuko dute lanurte honetan ere. Bestetik, Oinherriren 10. urteurreneko festara Ozaetara joateko deia ere egin du udalak.
Zaldibia herri hezitzaileen sareko kide izango da, beste urtebetez. Udalak luzatu egin du Oinherri elkartearekin daukan lankidetza hitzarmena, eta haurren heziketa herri mailan eta esparru ugaritan nola landu elkarrekin jorratuko dute 2022-2023 kurtsoan ere. Lehengo astean sinatu zuten akordioa Eztitxu Mujika alkateak, Jone Garmendia Hezkuntzako zinegotziak eta Oinherriko hezitzaile Maite Azpiazuk.
Zaldibia 2020an sartu zen Herri Hezitzaileen sarera. Hasi berri den ikasturterako zenbait erronka eta gai izan dituzte hizpide, bi aldeek: festak eta haurren partaidetza, gaztetxoen aisialdi aukerak herrian, Zaldibi gaztetxoen kabi proiektua, Eskola Kirola eta Oinherrik gaiari buruz hausnarketa kolektiboa bultzatzeko sortu duen euskarria, eskolako batzorde mistoak eta ikasle ordezkarien bilerak…
Herri hezitzaileen sarean dauden beste udalerrien esperientziak eta metodoak ikusita, horiek Zaldibiara hedatzeko aukera izango dute, baita abian jartzeko laguntza ere.
Oinherrik 10 urte bete dituela eta, bestetik, Oinherri Festa urteurren jaia antolatu dute Ozaetan (Garaio, Araba), irailaren 30erako, ostirala. Zaldibiarrei hara joateko gonbita egin diete.
Garaioko Oinherri Festaren egitaraua. Irailak 30, ostirala:
- 09:30. Harrera eta gosaria.
- 10:00. Sarrera: ‘Atzera begiratuz aurrera egin’ jardunaldia.
- 10:30. Garaion proiektua ezagutuz
- 11:30. Esperientzien azoka.
- 12:30. ‘Aurrera begira zein behar ditugu gure herrietan?’ gogoeta.
- 13:30. Oinbermutaz topaldia.
- 14:00. Bazkaria
Familientzat irekitako egitaraua:
- 16:30. Jolasak guztientzat.
- 17:00. Naturan jolasean eta auzolana.
- 19:00 Porrotxekin irri, kantu, dantza eta amets landaketa
- Jarraian, ‘Oinherri’ abestiaren aurkezpena eta kontzertuak: Beira taldea, Olatz Salvador akustikoan, eta Pintxada kolektiboa.