Ataunen osasungintza publikoaren alde atera dira plazara herritarrak
EH Bilduk antolatuta, kontzentrazioa egin dute, eta lehen arretako osasun zerbitzuan azken boladan izan dituzten murrizpenak eta gabeziak salatu dituzte.
“Ataundarra bazara, ez gaixotu udan”. Sarkasmotik adina salaketatik duen esaldi hori pankarta nagusian jarrita, protesta-kontzentrazioa egin zuten atzo iluntzean Ataunen, EH Bilduk deituta. Osakidetzak herriko mediku arreta zerbitzuan azken aldian izan dituen gabeziak eta murrizketak gaitzetsi dituzte. Era berean, osasungintza publikoaren aldeko aldarri bihurtu dute agerraldia. San Martin auzoko plazan, udaletxe aurrean egin dute bilkura.
Protestan zabaldutako oharrak dioenez, COVID-19aren pandemia garaian “agerian” geratu ziren osasun sistemaren “gabeziak”, eta azken bi urteetan Ataunen egoerak “okerrera” egin duela gaitzetsi du Ataungo EH Bilduk. “Eta noski, gehien pairatu dugunak herritarrok izan gara oraingoan ere. Egungo agintariek osasun sistema indartu beharrean, zuloa handitzen jarraitu eta gabezia gehiago sortu dituzte osasun sisteman. Gure eskubidea den sistema publikoak ez ditu gure beharrak asetzen”.
Osasungintza sektore publikoko langileak “gero eta baldintza prekarioagoan” ari direla ere salatu dute. “Erabat gaindituta daude”. Udan, adibidez, zenbait herri –tartean Ataun– medikurik gabe utzi ditu Osakidetzak bolada batean. “Zenbait herri medikurik gabe utzi dituzte, zenbait osasun zentro itxita daude, telefono bidezko arretara murrizten da sarritan zerbitzua… osasun sistema beharra da eta herritarron eskura egon behar du zerbitzu horrek, gure osasunak ez du oporrik”.
Orain arte hartu diren neurriak ikusita, EH Bilduren aburuz udazkenean ere “eskas” jarraituko du egoerak. “Noiz arte balioko die pandemiaren aitzakiak nahi dutena egiten jarraitzeko?Zainduko gaituen osasun sistema publiko eta burujabea behar dugu eta berehalako neurriak eta hobekuntzak har ditzaten eskatzen dugu”, azaldu du Ataungo EH Bilduk.
Ataunen uztailaren bukaeran salatu zuten abuzturako mediku zerbitzua gutxituko zietela. Irailaren hasieran ere ez zen arreta lehenagoko mailara itzuli.