Urriaren 8tik 14ra ospatuko du Igartubeiti Baserri Museoak 21. Sagardo Astea
Lehorteagatik museoak Gipuzkoako beste toki batzuetatik ekarritako sagarra erabili beharko du. Antzezpenak, prentsaketak eta kirikoketa ikusteko aurrez izena eman behar da.
Igartubeiti Baserri Museoak urriaren 8tik 14ra ospatuko du 21. Sagardo Astea. Dolarea martxan jarriko dute eta baserriko prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra izango da. Zazpi eguneko egitaraua prestatu dute, antzezlan, kirikoketa eta prentsaketa erakustaldi eta sagarren erakusketekin. Igartubeiti baserriak urteak daramatza Sagardo Astean jotzen den sagarra inguruko izan dadin lanean, baina aurtengo egoera meteorologikoa dela eta ez da posible izan.
“Zoritxarrez, sagarraren goraldi erritmoak eta lurraldeak jasan duen lehorte lazgarria direla eta, museoak Gipuzkoako beste toki batzuetatik ekarritako sagarra erabili behar izango du”, azaldu du museoak ohar baten bidez. Erakusketan ikusgai egongo den sagar guztia, berriz, Ezkiokoa, zati bat Igartubeitiko sagarrondoetakoa eta bestea baserritar batzuena izatea lortu dute.
Sagarrak jotzean sortzen den erritmoa da kirikoketa. Sagardo Astean, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltran musika ikertzaileak eskainitako tailer batzuetan sortutako ‘Sagar joaleak’ taldeko partaideak ariko dira kirikoketan. XVII. mendeko baserrian oinarritutako antzezlan bat ere eskainiko da asteburuan eta jaiegunean, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldearen eta Amaia Ruiz de Galarreta aktorearen eskutik.
Prozesu baten emaitza
Jarduera puntual bat izatetik harago, sagarraren ziklo naturalaren emaitza da Sagardo Astea, negutik udazkenera garatzen dena, museoak azaldu duen bezala: “Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Prentsaketa eta kupeletan gertatzen den zukuaren fermentazioaren ondoren, martxoan, Barrikote Festa ospatzen dugu, sagardoaren dastaketarekin”.
Sagardo Asteko egitaraua:
- Igartubeitiko dolarea martxan: urriak 10, 11, 13 eta 14, 11:30ean; urriak 8, 9 eta 12, 12:00etan.
- Antzezlana: urriak 8, 9 eta 12, 11:15ean.
- Kirikoketa: urriak 8, 9 eta 12, 12:00etan.
Plazak mugatuta daudenez, aurrez izena eman behar dute interesa dutenek, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 72 29 78 eta 943 72 51 07 telefono zenbakietan.