Baserritar Eguna eta Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketa urriaren 9an ospatuko dira
Azoka 10:00etan irekiko dute. 2022ko Euskal Herriko Artzai Gaztarik onena aukeratuko da, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako sailkatuen artean.
Urriaren 9an ospatuko da Idiazabalen 9. Baserritar Eguna eta 39. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa. 10:00etan irekiko dute azoka. Idiazabalgo baserrietako ganadua egongo da ikusgai kalean, bertako produktuak erosteko aukera egongo da, baserriko makineriaren erakusketa jarriko da eta gazta erosteko eta dastatzeko postuak ere egongo dira. 2019an ospatu zen azkenekoz Baserritarren Eguna. Txapelketak, aldiz, ez du etenik izan.
Gazta egite erakustaldia, umeentzako gazta kata berezia, herri kirolak, musika…jai giroa izango da Idiazabalen. Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketak Euskal Herriko gaztagile onenak bilduko ditu Igarondo pilotalekuan. 2022ko Euskal Herriko Artzai Gaztarik onena aukeratuko da, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako sailkatuen artean. Sukaldari, gaztan adituek, artzainek eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileko dastatzaile ofizialek osatuko dute epaimahaia. www.artzai-gazta.eus, www.idiazabal.eus, www.berria.eus eta www.gitb.eus webguneetan zuzenean jarraitu ahal izango da txapelketa.
Azokari itxiera emateko herri bazkaria antolatu da. 15:00etatik aurrera, Idiazabalgo Urbizu Berri baserriko txekor errea jateko aukera izango da. Txartelak Izpar dendan daude salgai.