Beasaingo hamargarren garagardo azoka eta festa indarberrituta datoz
Gaur 18:00etan irekiko dute Loinazko San Martin plaza azpiko garagardotegia. Goierriko Neska Gazteok taldeak protokoloa jarriko du martxan. 30 garagardo dastatzeko aukera izango da
Hamargarren garagardo azoka antolatu dute Goierriko presoen aldeko lagunek, gaur hasi eta larunbatera bitartean. Bi urteko etenaren ondoren, indarberrituta dator garagardo festa. Euskal Herriko eta nazioarteko 30 garagardo desberdin dastatzeko aukera izango da, Roberto Begueren esanetan, «Beasaingo tabernetan ez dauden garagardoak izango dira. Hemengo bereziak, eta nazioartekoak, bilatzeko zailak direnak». Berritasun bezala, irlandar garagardoak izango dira. Garagardo guztiak 5 euro balioko dute: «Garagardo berezien prezioa jarri dugu, gehienak bereziak izango direlako, ez da ezberdintasunik egingo». Glutenik eta alkoholik gabeak ere izango dira.
Jatekoari dagokionez, ohiko garagardo menua eta plater solteak izango dira aukeran.
Ordutegia ohi baino zabalagoa izango da, batez ere larunbatekoa. Gauerditik aurrera, Fulana DJ donostiarraren ikuskizuna izango da, gazteekin elkarlanean antolatuta.
Protokoloa
Bestalde, Goierriko Neska Gazteok taldeak, garagardo azokako kideekin batera, «hiru egun horietan martxan egongo den erasoen aurkako protokoloa» finkatu du, «edozein eraso matxista, sexista, xenofobo edo arrazista jasaten duen edonori laguntzeko». Horretarako, «lanean egongo garen emakumeok besoko morea eramango dugu. Erasorik ikusi eta pairatu duen edonork haiengana jo beharko du eta hauek protokoloa aktibatuko dute».
Azken batean, «kolore, sexu, arraza zein genero ezberdinetako pertsonak eroso eta aske senti daitezen lan egingo dugu. Beraz, erasotzaile, ez zaitez etorri, ez zara ongi etorria!».