Bizi-gozo hasi da udazkena
Gozatu eztia salgai jarri du berriz ere Jon Etxeberria ekoizleak, eta leka, kalabaza, udare eta landare gehiago ere bai beste saltzaileek. Gainera, Asteklimaren aitzakiarekin, plaza erdia joko leku bihurtu du Landarlanek.
Tenperatura atseginarekin eta euritsu hasi zen atzoko feria, eta kontatzeko, ikusteko eta parte hartzeko ugari eman zuen. Produktuei erreparatuz, leka berri bat aurkeztu zuen Maria Jesus Oriak, leka more borobila: «Sindikatuan erositako Amesthyst hazia zen, landare motza». Kiloa 5 euroan. Honekin, lau leka mota daude momentuan azokan: gorria, berde zapala eta igitaia (4,5-6 €/k).
Iñaki Intxaustik kalabaza berri bat aurkeztu zuen: potimarron berdea. Potimarrona kuietan estimatuenetakoa da, azal eta guzti jan daiteke. Orain artekoak laranja kolorekoak ziren, berdea lehen aldiz atzo, 3€/k.
Udare berri bat ere ikusi genuen Arantxa Zurutuzaren postuan, Decana de comicio. Gordina jateko, urtsu eta gozoa. 3€/k.
Landareetan, lehen tipulinak, 3,5€/ehuneko sorta. Batzuek udazken hasieran landatzeko ohitura dute, negua iristen denerako ondo errotua egon dadin; beste batzuek, berriz ,negu bukaeran landatzen dute. Emaitza, gehienetan, eguraldiaren esku.
Gozatu eztia berriz plazan
Jon Etxeberriak bere urteko martxarekin segitzen du. Udazken-neguan, ekoizpenak saltzeko garaian, Ordizian ikusiko dugu asteazkenero, eta eguna luzatzen eta eguraldia berotzen hasten denean, erleei arreta handiagoa eskaintzeko garaia izaten du. Atzo hiru ezti klase aurkeztu zituen: Ataungo mila lorea, Nafarroako erromero eta ezkaia eta Arabako mendikoa. (13,20 € kiloko potea, 7 € kilo erdikoa, eta 5,5€ kilo herenekoa). Polena ere bazuen (10€/potea ), baita propolioa ere (6,5€/15 ml. eta 10€/40ml.).
Aurten ezti dezente egin dute erleek baina barietate gutxi, lore asko erori baita beroak eraginda. Erleak ahul sentitzen ditu Etxeberriak neguari aurre egiteko.
Bost perretxiko mota
Saltsa perretxiko beltza (Craterellus cornucopioides) gehitu da azken aste hauetako perretxikoen zerrendara (20 kilo, 24€/k). Kopuruz, berriz ere onddoa izan da nagusi (240kilo, 14-24€/k), gorringoa garestiena (9 kilo, 35-39€/k) eta ziza hori eta mendiko angulak (20na kilo, 24-26€/k) ere izan dira aukeran.
Bestetik, plaza erdia joko leku bihurtu zen goiz erdialdetik aurrera. Landarlan elkarteak antolatutako Asteklima programaren barnean, Agroekologiaren eta elikaduraren inguruko jokoa egin zuten, energia eta klima trantsizioaren aurrean kontzientzia pizteko helburuarekin. Ordiziako ikasleak izan ziren bertan, baina edozeinek parte har zezakeen.