Gazteleraz erabiltzen dituzte ikus-entzunezkoak Uemako herrietako gazteek
Inkestak egin dizkiete LHko 4. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleei, 11.600 inguru. Goierrin 445 egin dituzte. Gazteleraren erabilera handia nabarmendu dute emaitzek.
Gazteengan pantailen kontsumoak duen eraginak hezkuntza komunitate askotan eta euskalgintzan sortu duen kezkatik abiatuta, Uemak azterketa bat egin du bere udalerrietan gaztetxoek zer eta zein hizkuntzatan kontsumitzen duten jakiteko. Inkestak egin ditu horretarako eskolen bidez, LHko 4. mailatik Batxilergoko 2. mailara, hau da, 10 eta 18 urte bitartekoen artean.
Guztira 11.600 inkesta bildu ditu mankomunitateak, eta horietatik 445 Goierrin egindakoak dira. Aztertu dituzten gaiak, berriz, telebista, plataformak, telesailak, sare sozialak, musika eta bideojokoak. «Erdarek gazteen eguneroko ohituretan duten garrantziaz jabetzeko» lana izan dela azaldu dute, eta gazteleraren erabilera altua nabarmendu dute arduradunek.
Adin tarte horretan telebista gutxi ikusten da, eta goierritarrek gehien ikusten duten katea ETB1 da, atzetik Clan, DMax, Boing eta Telecinco direla. Marrazki bizidunak ikusteko, Clan nahiago dute ETB3ren aurrean.
Telebistaren ordez, plataformak nahiago dituzte gazteek, eta horien artean Netflix da nagusi. Bigarren lekuan Amazon Prime dago, eta gero Movistar+. Deigarria da EITBren Nahieran aukeraren kontsumoa HBOrena baino handiagoa izatea. Plataformetan gaztelera da nagusi.
Telesailen kontsumoa
Telesailei dagokienez, La casa de papel da gehien ikusitakoa eta Goazen bigarrena, batez ere gaztetxoenen artean. Izan ere, euskarazko telesailen kontsumoa txikiagoa da adinean gora eginda, baina baita eskaintza ere. Atal honetan, ingelesak tokia irabazten du.
Sare sozialek, bestalde, pisu handia dute gazteen ohituretan, eta goierritarrek Youtube erabiltzen dute gehien, eta gero, Whatsapp, Tiktok, Instagram eta Snatchapp. Youtuben txikia da euskarazko edukien kontsumoa, eta gaztelerazkoena oso altua. Orokorrean, gaztelera da nagusi sare sozialetan.
Youtube, gainera, musika entzuteko gehien erabiltzen duten plataforma da, Spotifyrekin batera. Entzuten duten musikaren erdia gaztelerazkoa da, eta laurden bat euskarazkoa. Beste hizkuntzatan dago beste laurdena.
Azkenik, bideojokoak ere aztertu dituzte, eta ikusi dute oso apala dela euskararen presentzia; horietan ere gaztelera da nagusi.