Joseba Aranburu izango da Ordiziako alkatetzarako EAJren hautagaia
Duela zortzi urte hasi zuen ibilbidea politikagintzan; zinegotzia da eta azken legegintzaldian Lurralde eta Antolakuntza batzordeetako kide izan da. "Arduraz eta ilusioz" heldu dio erronka berriari.
Joseba Aranburu Ganzarain izango da Ordiziako alkatetzarako EAJren hautagaia, 2023ko maiatzean ospatuko diren udal hauteskundeetan. Atzo arratsaldean egin zuten publiko, D’Elikatuz zentroan egin zuten agerraldian. Joxi Iturrioz Ordiziako Eusko Alderdi Jeltzalearen Batzarreko presidenteak aurkeztu zuen alkategai berria. Era berean, Ordiziako EAJren bozeramaile izan den Bittor Bolinagari “eskerrak” eman zizkion, “urte hauetan egin duen lanagatik eta dedikazioagatik”.
Jarraian, alkategai berriari eta agerraldian izan ziren guztiei zuzenduz, Aranbururekiko konfiantza osoa erakutsi zuen Iturriozek: “Joseba Aranburu da Ordiziak behar duen pertsona, udalerriak aurrera egin dezan eta garatzen jarrai dezan, bizikidetzatik abiatuta. Hemen bizi garen guztiontzat lan egingo duen taldea gidatzeko, premia handiena dutenei arreta berezia eskainiz”.
Joseba Aranburuk, 46 urte ditu, nekazaritza ingeniaria da, eta eskarmentua du jendaurreko lanetan, 22 urte eman ditu horrelako zereginetan. Duela zortzi urte ekin zuen ibilbidea politikagintzan; Ordiziako udaleko zinegotzia da, eta azken legegintzaldian Lurralde eta Antolakuntza batzordeetako kide izan da.
Aranburuk, esker hitzak zuzendu zizkien afiliatuei. Adierazi zuen erronka berri honi “arduraz eta ilusioz” aurre egingo diola, eta “ordiziarrentzat eta Ordiziarentzat” lan egiteko konpromisoa agertu zuen.