Lazkaon festa dute gaur, San Migel jaiak ahitzeko
Haurren jolasak, pilota txapelketa, musika, jubilatuen eguna eta gauean mila lazkaotarrek herri afaria egingo dituzte gaur, Lazkaon. San Migel eguna dute, hiru asteko ekitaldi-sortari bukaera emateko.

San Migel eguna ospatuko dute gaur lazkaotarrek, egun osoko egitarauarekin. Haurrentzako zuzendutako jolas parkea, jokoak eta puzgarriak egongo dira goiz eta arratsalde, batetik. Ikastolan jai dute.
Jubilatuak izango dira beste festa-egile batzuk, urteko euren eguna antolatu baitu Orobione elkarteak. Meza, eta irteeran, Oin-Arin dantza taldeko dantzariek dantza egingo diete. Jubilatuen bazkaria Lierniko Mujika jatetxean egingo dute, ondoren. 105 lagun joango dira.
San Migel pilota txapelketako finalak ere goizean jokatuko dituzte. Atzo arratsaldean ebatzi zituzten finalisten izenak, finalaurrekoak jokatuta.
Gauean, herri afarian 1.000 lagunentzat tokia jarriko du udalak. Plazako frontoia eta aldameneko estalpe luzea beteko dira. Tokiak erreserbatzeko txartelak banatzen astelehenean hasi ziren, eta lagun talde bakoitzak eramango du norbere afaria. Drindots taldearen faltan —pandemia betean esan zuten agur—, Iratzar taldeak alaituko du gaua.
Indarkeria sexistaz gunea
Indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko dute plazan, gaur, Lazkaoko Udalak eta Emagin elkarteak. 19:00etatik 21:00etara, Emagineko bi aditu egongo dira gunea dinamizatzen, bertara joandakoei aholkularitza ematen, eta zalantzak eta kezkak argitzen. Eskuorriak, txapak eta eranskailuak banatuko dituzte.
Emakumeak eta herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatzea da helburua, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso, eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearazteko. Herritarrek arbel batean idatzi ahalko dituzte ekarpenak.
Bestetik, kiroldegiak ordutegi berezia izango du gaur. Irekita 07:00etatik 13:30era izango da. Goizeko ikastaroak emango dituzte; arratsaldekorik, ez. Itxita dagoen orduetan, Ordiziako Majorira joan daitezke bazkideak.
GAUR, IRAILAK 29, SAN MIGEL EGUNA
Gaur
10:00-13:00 eta 16:00-19:00. Haurren eta gazteen parkea.
10:30. San Migel pilota txapelketa.
12:00. Meza, San Migel elizan.
14:00. Jubilatuen bazkaria, Lierniko Mujika jatetxean.
18:00. Alaitasuna errondaila, Orobione aurrean.
19:00. Suthai batukada.
20:30. Herri afaria.
22:30. Iratzar musika taldea.